miércoles, 12 de enero de 2011

Testua eta kontestua


Testua eta kontestua

Imanol Murua

Testua. ETAk ez du agindu jardun armatua behin betiko utziko duenik, ez du argitu su-etena baldintzarik gabea denik eta ez du berariaz esan alde bakarrekoa denik ere. Baina esan du «konfrontazio armatuaren amaierarekiko» konpromisoa duela, ez dio su-etenari baldintzarik jarri eta, de facto, alde bakarreko su-etena eman egin du, alde bakarrekoa dela aitortu gabe.

Bruselako adierazpenari bete-betean erantzun dio, eta hala aitortu du Brian Currinek. Nazioarteko Harreman Taldeko pertsonalitateak itzaleko lanetik agerikora pasatzeko moduan dira. Gernikako akordioari ere erantzun dio neurri handi batean, baina ez bete-betean: izatez alde bakarrekoa da su-etena, baina beste aldeak egingo duenaren menpe iraungo duen, edo ez, ez du argitu; eta su-etena «jarduera armatua behin-betiko uzteko borondatearen erakusle gisa» ematen duela zehatz-mehatz ez du esaten, baina iparra hori dela adierazten du, konfrontazio armatuaren amaierarekiko konpromisoa agertzen duenez. Ñabardurak ñabardura, Gernikako adierazpenak markatutako arrastoan sartu da ETA. Eta hori zen garrantzitsuena.

Su-etena orokorra dela ere esan du ETAk, eta horrekin inolako ekintzarik ez duela egingo ondorioztatu du askok; ez duela, alegia, hornitze ekintzarik egingo ezta zerga iraultzarik eskatuko ere. Ez dago inon horren ziurtasunik, «orokorra» kontzeptua, hain zuen ere, orokorregia baita. Baina Brian Currinek, sukalde lanetan aritu izanak ematen duen ezagutzatik, hitz hori agertzea «bereziki garrantzitsua» dela esan du, su-etena «guztiz inklusiboa» dela esan nahi duelako.

Konponbide politikoak elkarrizketa eta negoziazioaren bidez etorri behar duela ere esan du ETAk, eta prozesu horrek zer ezaugarri izan beharko lituzkeen ere bai. Egia da, ez du baldintzarik jartzen; baina ulergarriak dira errezeloak, ez da harritzekoa askok ETAren zaintza asmoaren itzala sumatzea hor, batez ere aurreko prozesuetan erakunde armatuak arlo honetan nola jokatu duen kontuan hartuta. Baina egin daiteke irakurketa positiboagoa: ez du esaten prozesu politikoaren garapenaren mende dagoenik su-etena, eta «prozesu demokratikoaz» dioena bat dator Gernikako akordioaren filosofiarekin, akordio honek hitzez hitz baitio sinatzaileen ustez ezinbestekoa izango dela «elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko».

Kontestua. Baina, Jesus Egigurenek ondo dioen bezala, une honetan testua baino garrantzitsuagoa da kontestua. Ezker abertzale barneko iraultza gauzatu egin da. Lizarra-Garaziko eta Loiolako prozesuetan ezinezkoa izan zena, orain gertatu egin da: hau da, aurreko bi prozesuetan ETAren erabakiek baldintzatu zuten ezker abertzale osoa, eta estrategia armatua alde batera utzi behar zela uste zutenek etsi egin zuten, mugimenduaren batasunaren izenean. Oraingoan, alderantziz gertatzen ari da: ezker abertzaleko egitura politikoak, oinarri sozialaren babesarekin, ETA baldintzatu du, jardun armatuarekin jarraitzeko biderik gabe utzi du, oinarri sozialak bukatzeko garaia dela erabaki duelako. Horrek egiten du, egin behar luke, atzeraezin ETAren erabakia.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com