Urtxuegia ala urtxugezurra?
XABIER EUZKITZE - Domingo, 6 de Marzo de 2011Patxi Lopez lehendakaria legebiltzarrean azalpenak ematera bortxatu dute Ana Urtxuegiaren Nikaraguako ibilera eta negozioek. Lasarte-Oriako alkate ohi eta Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako ordezkari denaren kontu ezkutu asko jakin dugu azken egunotan, eta sozialistek, hauteskundeetan "beirazko poltsikoak" agindu zituztenek, galtzak bete lan dute krisia ekidin eta mezularia lohitzen. Epaitu beharrekorik balitz, auzi batean epaitu beharko lukete, nik ez dut halakorik egingo, baina ukaezina da kontu honi kirats nardagarria dariola. Ez dakit zergatik deitzen dioten Gobernuz Kanpoko Erakunde Lasarte-Oria eta Somotoren artekoari. Udala ez al da gobernua, ala? Udalek herritarren diruarekin funtzionatzen dute, eta GKEk borondate oneko hainbat jenderen ahaleginari esker. Bi kasuetan ere guztiz beharrezkoak dira jardun gardena eta beirazko patrikak, elkartasun proiektuak direnean bereziki. GKEetan dihardugunok badakigu zer nolako baldintzak bete behar izaten diren diru-laguntzarik xumeena eskuratzeko ere, eta handi samarra dugunoi ere ez zaigu buruan sartzen erregistratu gabeko erakunde bati halako dirutzak bidali izana. Urtxuegiak, alkate zenean, diru kontuen kudeatzaile bakar bere burua izendatu izanak usterik oneneko pertsonei ere zalantzak eragiten dizkio. Deliturik izan zein ez, argi dago elkartasun proiektuak burututako eremu berean negozio handiosak abian jartzea guztiz desegokia dela. Ezin aipatu gabe utz nezake, bestalde, orain urte batzuk youtube-en zabaldu zuten bideoa, non Urtxuegia Somotoko laborari gaixoei errietan eta mehatxuka ageri baita, prepotentzia lotsagarriz. Elkartasunak, gardentasuna ez ezik, apaltasuna ere beharrezko du.
Sozialistek ahalegin guztiak eta bi egin dituzte Miñao auzia hauteskundeen atariraino luzatzeko. Orain dute norbere gardentasuna erakutsi eta neurri zorrotzak hartzeko parada aparta. Beirazko poltsikoen metaforak ez du batere balio beira eguzkitarako betaurrekoena bezain beltza bada, edo txanpain-botila ipurdiarena bezain lodia, edo sekula garbitu ezean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario