martes, 26 de enero de 2010

EUSKALDUNON EGUNKARIA: 7 URTE


Hilabete barru, zazpi urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Zazpi urte, eta oraindik ez dago epairik. Denbora asko pasa den arren, goiz hotz hartan Guardia Zibila Martin Ugalde Kultur Parkeko Euskaldunon Egunkaria-ren instalazioetan indarrez sartu zenean hasitako gurutze-bideak jarraitu egiten du oraindik.

Euskal gizarteak ez zuen zalantzarik izan esku-hartze haren izaeraren inguruan, modu askotara mozorrotzeko ahaleginak egin zituzten arren. Euskaldunon Egunkaria ixtea eta, ondoren, bertako zuzendaritza auzipetzea adierazpen askatasunaren eta prentsa askatasunaren aurka zuzendutako ekintza izan zen, euskararen aurka eta Euskal Herri osoaren aurka.

Euskaldunon Egunkaria ixtea erabaki politikoa izan zen. Estatuak garai hartan zuen estrategiaren seinalerik argiena izan zen, esaldi batean laburbiltzen ahal dena: ETAren aurka, denak balio du. Aitzakia hori erabili zuten errealitate deseroso batzuk nola edo hala baztertzeko, hau da, Euskal Herriaren nortasun kulturalaren eta sozialaren ondorio diren errealitateak baztertzeko.

Estrategia hura diseinatu zutenei berdin izan zitzaien egunkari bat ixtea. Hedabide bat epaiketarik gabe itxi zuten, haiek esan zutenez kautela moduan; halakorik ez da inoiz gertatu Europa demokratikoan. Euskarazko egunkari bakarra zen. Konplexurik gabe itxi zuten.

Horrela, aulkian euskara esertzeaz gain, zuzenbidezko estatu ororen oinarrizko eskubide diren adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna ere auzitara eraman zituzten, agerian utzirik espainiar estatuan iritzi-delituak indarrean jarraitzen duela.

Ordutik hona zazpi urte igaro dira. Auzipetuek jasan duten kalte eta sufrimendu guztia itzela izan da. Euskarari eta euskaraz bizi nahi dugun gizartearen zati zabal bati egin zaion erasoak, ustez gaindituak genituen diktadura garaietara eraman gaitu. Adierazpen askatasunak kalte handia jasan du espainiar Estatu osoan. Hori da benetako balantzea.

Fiskaltzak auzia amaitutzat jotzeko eskatu zuen bere garaian. Prozesu guztia bukatu ondoren akusatuak libre uzten badituzte -eta horrela izatea nahi nuke, zinez- errealitate bat geldituko da gauza guztien gainetik: prozesuak ez daukala atzera biderik. Epaia edozein dela ere, Euskaldunon Egunkaria ezingo da berriro ireki. Nork eta nola ordainduko du zazpi urte horietako sufrimendua? Nork ordainduko die akusatuei? Nork jarriko du berriro Euskaldunon Egunkaria martxan?

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi zenean, Madrilen esan nuena berriro esaten dut orain: uste osoa daukat Egunkaria kasuko auzipetuak errugabeak direla leporatu dizkieten karguetan, eta ziur nago euskal gizartearen gehiengoaren nahia adierazten dudala, amesgaizto hau lehenbailehen bukatu eta etxera itzultzea nahi dugula esaten dudanean, egozketarik gabe eta zorigaiztoko prozesu honi bukaera emanez.

Markel Olano Arrese
Gipuzkoako Ahaldun Nagusia

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com