GIPUZKOAKO HAUTAGAIEN AURKEZPENA
Ibarretxek, aste honetan, langabeziaren kontrako, enplegua sortzeko eta enpresak finantzatzeko neurri gehiago hartuko dituela iragarri du
Juan José Ibarretxe lehendakariak jakinarazi duenez, langabeei eta enpresei lagundu behar zaie, ez hauteskunde kanpainan egoteagatik. Ildo horretatik adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak langabeziaren kontrako, enplegua sortzeko eta enpresak finantzatzeko neurriak hartuko ditu hauteskundeak baino lehen ere; aste honetan bertan, bihar, Batzorde Ekonomikoan.
Hartara, nabarmendu du euskal erakundeek baliabideak eta ideiak dituztela, eta inbertsio publikoaren aldeko apustua berretsi du. «Lehengo lekura lehenago itzultzeko, ez dugu alde batera utzi behar proiektu estrategikoekin lotutako inbertsioa; hala nola, berrikuntzarekin, internazionalizazioarekin, eta osasungintza, hezkuntza eta gizarte zerbitzuekin lotutakoa», esan du.
Ibarretxek Donostiako Aquariumean esan du hau dena, EAJren Gipuzkoako hautagaiak aurkezteko ekitaldian. Ekitaldi horretan ziren, era berean, EBBko presidente Iñigo Urkullu eta GBBko presidente Joseba Egibar.
Bestalde, Joseba Egibarrek Standard & Poor's etxearen datuak aitatu ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoa toki onean uzten duten txosten horiek nahita ezkutuan uzten direla adierazi du: «Euskadik % 15eko langabezia tasa izango balu, % 20ko tasara heltzeko arriskuarekin, eta bien bitartean Espainian % 6koa balego, kanpainatik erretiratu beharko genuke. Eta orduan, ziur, datuak mahai gainean egongo lirateke».
Urkullu: “Bere kabuz etorkizuna idazteko gai den gizarte baten proiektuan sinesten dugu”
EAJren EBBren lehendakari den Iñigo Urkulluk gaur, martxoaren 1eko hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaien aurkezpenean adierazi duenez, “txinparta dugu, bere kabuz etorkizuna idazteko gai den gizarte baten proiektuan sinesten duen ilusioa, inork bere kabuz erabaki gabe. Jakin eta egin erabakitzeko”.
Azaldu duenez, “mundu mailako krisi ekonomiko baten aurrean gaude, kapitalismo diruzalearen eta zekenaren fikzio finantzarioaren erorketarekin hasi zena. Bankuei gainditu egin zien eurek sortutako espekulazioak berak. Merkatuan likidezia falta da, ziurtasun eza jendartera igarotzen da, kontsumoa erori egiten da eta eskaria gelditu egiten da”.
“Ez da bizi eta gainditu ditugun gainerako krisiak bezalakoa. Arazoa ez da gaitasuna falta dela, edota lehiakortasuna txikia dela. Funtsean, kaudimen ekonomikoko arazo bat da. Horregatik, krisia beranduago iritsi zen Euskadira, gure hazkundea ez genuelako adreiluaren hazkunde espekulatiboan jarri, eta gure kontu publikoak ez zutelako fikzioa oinarri” gaineratu du.
Bukatzeko azpimarratu duenez, “jakin eta egin behar da. Oraina eta etorkizuna prestatu hemen bezal, Gipuzkoan, goi mailako ikerketa zentroekin, adibidez nanoteknologien alorrean inauguratu berri dena, edo ospitale onkologiko berria, edo Pasaiako portuaren zabalkuntza. Jakin eta egin behar da garraiobide berrietara irekiz, topoa lurperatzeari irekiz, Donostialderako trenbide metropolitarra bihurtuz. Airea, ideiak eta proiektuak ditugu, Gipuzkoa, Euskadi, ez gelditzeko. Aurrerantz egiten jarrai dezan. Aurrerantz, Aldundiaren proiektu estrategikoak dioen moduan”.
GBBko web orritik hartua
No hay comentarios:
Publicar un comentario