Lizarra-Garazi 11 urte
Uztaritzen ekitaldia hilaren 12an
LIZARRA-GARAZIREN 11.URTEURRENA MALTZAGAKO MAHAIAREN DEIALDIA
(Irailaren 12a UZTARITZEN –LAPURDI-)
Iragan den irailaren 12an Maltzagako Mahaiak deituta, Lizarra-Garaziko Akordioaren 10. urteurrenarekin bat, ekitaldi bat antolatu genuen Donibane Garazin. Bertara, Lizarra-Garazi izenpetu zuten eragile guztiak gonbidatu genituen.
Eragile eta talde handienak elkartzeko gaitasunik ukan ez arren, ezbairik gabe, Garazin egin genuen ekitaldi politiko xumeak hausnarketa politikoa bizkortu zuen eta berkokapen politikoak egiteko beharra agerian utzi zuen.
Lizarra-Garaziren 11.urteurrena
Aurten, irailaren 12an, Lizarra-Garaziko Akordioaren 11. urteurrena izango da eta iaz egin genuen lez, data hori aldarrikapen eguna bihurtu nahi dugu.
Ez dago ezer ospatzeko, hamaika urte pasa baitira eta “hamaika” zenbakiak euskaraz duen esanahiak adierazten duen moduan: “gehiegi” da. Gehiegizko denbora galdua, gehiegizko ilusio zapuztuta, gehiegizko borroka antzua. Elkarlanerako beharra bistan da eta elkarlana izango da irailaren 12an egingo dugun bilera eta ekitaldiaren irizpide nagusia.
Espainiar zein frantziar nazionalismoek, berriz, Fronte Nazionalista osatu dute:
• Ipar Euskal Herrian euskaldunak baztertzen, euskararen ofizialtasuna ukatzen, euskal departamentua eta autonomia eskaerak isilarazten. Ipar Euskal Herrian erakunde eta tresna guztiak frantziar nazionalistek menderatzen dituzte.
• Hegoaldean ere, erakunde ofizial gehienak eskuratu dituzte. Mota guztietako iruzurra erabiltzen dituztelarik, tresna polizialak , judizialak eta mediatikoak erabiliz, gehiengo faltsua inposatu dute.
Bitartean, euskal abertzaletasunak urrezko hamarkada bat galdu du. Aski da, hori da gure sentimendua eta hori da irailaren 12an konpartitu nahi dugun sentimenduetako bat, aldaketaren hasiera izan dadin, euskal abertzaletasunak agenda politiko-sozialaren gidaritza berreskuratzeko.
Lizarra-Garazi ez da itzuliko, baina bertan proposatu zen irtenbide eredua eta batik bat Lizarra-Garazin elkartu zen Euskal Herriko jendeartearen esparru zabal hura, berriz ere, elkarlanean ukan dezagun urrats berri bat eman nahi dugu.
Burujabetza eta bakea
Maltzagako Ekimena 2007 urtearekin batera hasi zen. Herri ekimen honen helburua 1998an zabaldu zen burujabetzaren aldeko prozesu berrabiatzen laguntzea da.
Une honetan Lizarra-Garazi sinatu zuten eragileen arteko giro txarra izan arren eta mesfidantza nagusitu bada ere, Itsuren gainetik, garai horretan zegoen adostasuna zabalagoa da egun. Puntu batzuk aipaztearren:
-Marko juridiko-politikoa Ipar zein Hego Euskal Herrian agortuta daude. Burujabetzan eta erabaitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoa beharrezkoa da.
-Alde anitzetako indarkeria politikoak bukatu behar du. Bakea beharrezkoa da.
-Euskal Herria osatzen duten eremu administratiboetan eman behar diren prozesuak ez dira nahi eta nahi ez modu berean eta abiadura berean egin behar. Gure ustez Burujabetza eta Bakea ekarriko dizkigun Prozesu bikoitza posiblea da. Saiakera honetatik Maltzagako Mahaiak ez du inor baztertu nahi, burujabetzaren aldeko talde guztientzako lekua eta parte hartzea erraztu nahi dugu eta.
Lizarra-Garaziko 11.urteurrenaren ekitaldia
Esan bezala, iaz egin genuen ildotik, irailaren 12an Lizarra-Garazi sinatu zuten eragile guztiak bilera eta ekitaldi batera gonbidatu ditugu. Ekitaldi horretan urrats berri baten hastapena izatea nahi genuke, Burujabetzaren Aldeko elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazten duten eragile eta pertsonen ekitaldia.
Lapurdiko Uztaritze herria izango da, Lizarra-Garaziren 11.urteurrena gogoratzeko aukeratu dugun herria. Uztaritze aukeratu dugu herri honek duen eduki sinbolikoagatik. Uztaritzen Lapurdiko Biltzarra elkartzen zen, Frantziako eredu jakobinoak nagusitu arte lapurtarren bizimodua arautzen zuen biltzar burujabea.
Lizarra-Garazi Akordioan Lizarra aukeratu zen bertan izena bera duen Estatutua sinatu zelako, Garazi lurraldetasuna aldarrikatzeko. Oraingo honetan Uztaritzek lurraldetasunaren aldarrikapenarekin bat eginik, marko juridiko-politikoaren aldeko aldarrikapena ongi adierazteko leku aproposa da.
Ekitaldiaren bi zatiak
Iaz egin genuen lez, ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehengoan gonbidatutako eragileen ordezkariek bilera bat egingo dute orain arte adostu dutena aztertzeko eta hemendik aurrera egin beharreko urratsak hausnartzeko. Bigarrena ekitaldi publikoa izango da, Uztaritzeko Herriko Etxearen (Udaletxea) aitzinean , bertan Lapurdiko Biltzarraren oroimenez oroigarri bat dagoelako. Ekitaldi publikoa 12etan izango da eta Lizarra-Garaziren ildora itzultzera prest dauden eragile eta pertsonak guztiak gonbidatuak daude.
Maltzagako Mahaian Aldaketak
Azkeneko asteetan Maltzagako Ekimena eta Maltzagako Mahaia berritzen eta indartzen ari dira. Aurrean ditugun hilabeteak oso garrantzitsuak dira. Hori dela eta, Maltzagako ekimenak bultzakada berri bat izan du. Orain arte, Mahaiaren idazkaritza Euskaria fundazioak kudeatzen zuen, aurrerantzean idazkaritza zabalduko da, izan ere, dagoeneko Iñaki Aldekoa , Aralarkidea eta Elisa Sainz de Murieta. EAko kidea idazkaritzako kideak izango dira. Elisa Sainz de Murietak Mahaian bere alderdikidea den Pedro Mari Olaetaren lekua hartuko du, honek bere alderdiko zuzendaritza berriaren kidea izendatu baitute. Epe laburrean beste sentsibilitate ideologikoetako kideak idazkaritzan lanean astea espero dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario