Castellano
URKULLU: ´EAJ-K EZ DIO TXEKE ZURIRIK EMANGO ZAPATERORI´
EGIBAR: ´DATORREN URTEKO HAUTESKUNDEETAN EZ DAGO ETXEAN GERATZERIK EZTA ERE BALIOGABEKO BOTOA EMATERIK´
Eibarko EAJ-k batzoki berria estreinatu du. Errepublika garaitik zeukan egoitzatik herri erdi-erdian dagoen beste batzoki batera egin du aldaketa. Joan den igande honetan izan da irekiera ospakizuna. Ikurrina igotzea Eibarko jeltzale zaharrenari egokitu zitzaion, 93 urtera doan Antonio Sarasketari, Uri Buru Batzarreko presidentea, Miren Sojo alboan zuela. Lekuko, jende anitz eta buruzagi jeltzaleak: Iñigo Urkullu, EBBko presidentea eta Joseba Egibar, EAJren Gipuzkoako batzorde-burua. Handik udaletxe aurreko enparantzara, hitzaldi politikoak entzutera.
EAJ izan da eta izango da herri honen motorra
Joseba Egibar izan zen hitza hartzen lehena. Urtebete barru izango diren hauteskundeak gogoan, abertzaleentzat mezu bat: ez dago baliogabeko botorik ematerik ezta ere etxean geratzerik. Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra berriro elkartuko dira Diputazio eta udalak berenganatzeko, eta horri aurre egin behar zaio, erantsi zuen buruzagi jeltzaleak. Horretan ariko da EAJ, Euskadi herria eta nazioa dela ukatzen dutenen operazio politikoari aurre egiten eta horretarako, ezinbesteko bi oinarriak defenditu zituen Egibarrek: giza eskubide guztiak eta erabakitzeko eskubidea errespetatzea. Ez dago aurrera egiterik herrenka, oinarrietako bat baztertuta, erantsi zuen.
Ekonomia-egoerari begiratu eta azken urteotan garatutako politikak herrian izan duen eragina aipatu zuen Gipuzkoako politikari jeltzaleak. Orain arte herriaren motorra izan da EAJ eta gero ere hala izango dela ziurtatu zuen Egibarrek, Iñigo Urkulluri hitza emateaz batera.
Non da Patxi Lopez?
EBBko buruak, ekonomiari buruzko mezuak zabaldu ditu. Salatu egin du bai Rodriguez Zapateroren jarduera bai Patxi Lopezen jokaera. Lehendakaria non den eta zertan ari den galdetu du Urkulluk, zer egin behar duen ikastera Madrila joan eta gero bere arrastorik ez dela esanez.
Bestetik, Zapateroren gobernuak onartutako neurriak Euskadin beste era batekoak izan behar direla esan du, EAJk bultzatutako euskal autogobernuari esker Espainian ez bezalako egoera dagoelako herri honetan. Beraz, Urkulluk esan du ez duela onartuko PSOEren gobernuaren lege-dekretua Euskadin ezartzerik, ez pentsioak izozterik ez funtzionarioen soldatak jaisterik ez agindutako inbertsioak murrizterik. Gauzak horrela, EBBko presidenteak ziurtatu du EAJ-k ez diola txeke zuririk emango Zapateroren gobernuari.
Eguzkiari aurre eginez
Eguzki-galdatan burutu zen ekitaldi politikoa Eibarko udaletxeko plazan. Bakoitzak ahal zuen bezala babesten zuen bere burua eguerdiko eguzkitik: euritakoak eguzkitako bilakatuta, kapelu, txapel eta bixerak ez ziren soberan, eta haizegailu edo abanikoak ere eguzkiari ixkin egiteko balio izan zion bakarren bati. Eta besterik ezean... egunkaria eta musuzapia estalkitzat hartu zuenik ere izan zen. Zerbait zuena suerteko, eguzkiak gogotik jotzen zuen eta maiatzaren 23ko eguerdian. Gero, zizka-mizkak batzokian eta edari freskoa izotz-puxken artean. Festa igarota, hemendik aurrera lana EAJ Eibarren erdigunean jartzeko, batzokia bezala.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario