UDALBILTZA
EUSKAL HERRIKO UDALEN ETA UDAL HAUTETSIEN BATZARRA
Udalbiltza 1999an sortu genuen. Lizarra-Garaziko akordioaren ondorioz hedatu zen abertzaleon arteko elkar-aditze giro hartan, gailentasun berezia izan zuen irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldiak.
Bertan Euskal Herriko lurralde guztietako 354 udalerritatik inguratutako 1.778 udal-hautetsik parte hartu zuen, alderdi abertzale ezberdinetako hautetsiak. Aurreko hilabeteetan alderdi politiko espainiarrek Udalbiltzaren aurkako manipulazio kanpaina gogorra egin bazuten ere deialdia jendetsua ez ezik, hunkigarria ere izan zen.
Euskaldunako bilkuran, udal hautetsiek, aho batez, Udalbiltzaren helburuak ontzat eman zituzten:
- Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta bere lurraldetasunaren lekukotasuna mantentzea
- Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea eta erakunde egituraketari laguntza eskaintzea
- Euskal lurralde guztietako udalen arteko harremanak bultzatzea
- Nazioartean Euskal Herriaren izatea adieraztea
Nazio eraikuntza hura "indar politiko eta sozial guztiak integrazio ahalegina egitera behartzen zituen prozesu dinamiko eta demokratiko" bezala ulertzen zen.
Era horretan, ikuspegi politiko ezberdinak zituzten udal hautetsi abertzaleek bideari ekin zioten, aipatu helburu horiek erdiesteko bidea ibiliz elkarren arteko mesfidantzak gainditzen joango zirelakoan. Baina 2000.urte hasieratik, su-etena hautsi eta ETA atzera hilketak egiten hasi zen, baita udal hautetsiak hiltzen ere. Gauzak horrela, Udalbiltza osatzen zuten hautetsi guztiek ez zuten asmatu erailketa haien aurrean Udalbiltzaren sorrerako oinarrian zegoen demokrazia, askatasuna eta bakean errotutako Euskal Herria aldarrikatzen.
Ondorioz, 2000 urte hasieratik aurrera EAJ-ko udal hautetsiok eutsi diogu Udalbiltzaren hastapeneko espirituari, gure Herriaren izatea, naziotasuna eta, ondorioz, euskal herritarroi zor zaigun erabakitzeko eskubidearen aldarria bizirik mantenduz eta gure udaletatik 6.500.000 eurotik gora euskal izaera eta nortasuna sustatzeko hainbat eta hainbat ekimenetara bideratuz, batez ere Nafarroan eta Iparraldean.
UDALBILTZA AUZIA
ETAk Udalbiltzaren nondik norakoa baldintzatzeko izan zuen eraginaren ondorioz, 2003an Audientzia Nazionalak, Guardia Zibilek eginiko atestatuetan oinarrituta, ezker abertzalekoak ziren kideen aurkako auzialdiari hasiera eman zion. Egunkariaren kasuan bezala, "dena ETA da" printzipioan oinarritzen den auzia; kasu hartan bezala, aurreiritziak janzteko hala-moduzko "frogak" kontuan hartzen dituena; eta, Egunkaria auziarekiko hirugarren parekotasuna, Udalbiltzaren hau ere zazpi urte luze dirauen auzia da. Uztaila eta iraila bitartean 22 lagun epaituko dituzte eta fiskalak 10 eta 15 urtetako zigorrak eskatzen ditu.
Balorazioa:
ETAren ekintzen aurrean mantendutako jarrerek Udalbiltzako nondik norakoan eragin zuzena izan badute ere, horrek ez du ezker abertzaleko Udalbiltza-kideen auziperatzea justifikatzen. Egunkariaren kasuan bezala, "prozesu induktibo alderantzizkoa" aplikatu du fiskalak: ETA-kide direla baieztatu ondoren horri nolabaiteko itxura emango lioketen zantzuak elkarrekin lotu, guztia oso pisu eskaseko frogekin maneatuz. Beraz, bi auzialdien arteko antzekotasunak handiak izanik, Udalbiltza kasua bezala ezaguna dena Egunkariarena bezala amaituko dela espero dugu, nahiz eta, Espainiako auzitegien hainbat erabaki ezagututa, horren segurtasunik ezin izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario