
Koldo Aldaberen artikulu hau irakurri eta ez nagoenez Flandezen eta etxe bat eman ezin diodanez Euskal Herrian euskara ikasi eta bereganatzen duten guztieri gorazarri eta omenaldi xume bat egin nahi diet,
MILA MILA ESKER
Koldo Aldabe kaldabe@berria.info
Ongi etorri euskarara
Ongi etorri, Antonella Fornoni, Viviana Duque, Mustapha Uarbija, Teresa Jose, Fatou Sall Seck, Hanane Dahbi, Daliana Ferreira, Enericth Gomez eta Lidia Nsue Mba. Ongi etorri, Italia, Kolonbia, Maroko, Bolivia, Senegal, Aljeria, Brasil eta Gineako seme-alabak.
Ongi etorri euskarara, nahiz eta milaka traba jarri dizkizuegun. Ongi etorri, zuen etorrerak euskarari hats berri ekarri diolako. Ongi etorri, legal, ilegal edo sasiko etorri bazineten ere. Euskarak ere legal, ilegal eta sasikoak behar baititu; beti izan baititu, beti izan baikaitu legal, ilegal eta sasikoak.
Hau Flandes balitz, saritua litzateke zuen ekimena; etxebizitza sozial bat gutxienez bakoitzarentzat. Baina ez, ez da Flandes. Bilbo da, San Frantzisko. Ausartzea ere!
Ez al zarete beldur zuek, etxeak, osasun zerbitzuak, lanpostuak eta gehiago okupatzea eta lapurtzea leporatzen dizuegun horiek, ez al zarete beldur orain D eredua inposatzea ere zuen samaren gainean jarriko dizuegun?
Gauza bat baita gaztetxo de raza negra batek Athleticen jokatzea, arrunta ez delako baita eder, eta beste bat, erabat desberdina, etorkizuneko funtzionario, mediku, udaltzain, liburuzain mairu, mulato, sanbero elebidunak edukitzea, ez baititugu zuen seme-alabentzat alferrik eraiki ghetto-a indartzeko ikastetxeak.
Bada, ez. Zuek, zuen seme-alabei ahalik eta etorkizun onena eraikitzeko asmotan, euskarari ere behar zuen tornuia eman diozue.
Ongi etorri, bai, baina ohartuta zaudeten gisan, destaina izan daiteke jasoko duzuen saria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario