Estibaliz AlkortaGipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria
Eztabaida eta gatazka politikoaren erdian nahasirik ageri da berriro, zoritxarrez, euskara. Oraingoan, gaia izan da -espero zitekeen bezala- Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretua, pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileei legeak aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak erabili ahal izateko sortua. Nire ustez, dekretua zuhurtasun handiz egina da, ikuspegi sendoz eta gure errealitate sozialari loturik. Izan ere, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak zaindu beharrarekin batera, aspaldi honetan enpresen eta merkataritzaren esparruan modu guztiz naturalean gertatzen ari den jarduera bat arautu nahi izan du dekretuak. Herri erakundeek (Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek) urtero hiru bat milioi euro xedatzen dituzte esparru sozio-ekonomiko eta laboralean euskararen erabilera sustatzeko planetarako; aurten, 160 bat enpresek jaso dituzte era horretako laguntzak. Esan beharrik ere ez dago, jakina, diru laguntza horiek ez lituzkeela inork ere eskatuko, baldin eta enpresen edo merkataritzaren munduan horretarako beharrik edo eskakizunik sentituko ez balu. Beste datu bat: aurten zabaldu da lehenbizikoz Bikain ziurtagiria, hizkuntza kudeaketaren bikaintasuna egiaztatzen duena; dagoeneko, 40 bat enpresek eskatu dute ebaluazioa, ziurtagiria lortzeko. Iaz, ebaluazio sistema frogatzeko partaide izan ziren bederatzi enpresek eskuratu zuten ziurtagiria: Euskaltel, Eroski, Cegasa, IMH, Matia Fundazioa edo Elkargi izan ziren, besteak beste, norberaren lan esparruan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatu eta aitorpen ofiziala lortutakoak. Beste era batera esan daiteke: onartu berri den dekretua ez da agintekeriaz sortu, ezta gutxiagorik ere, baizik errealitatean oinarritzen da, esparru sozio-ekonomiko eta laboralean hizkuntza politika sendo bat lantzeko herri administrazioek azken urteotan egin duten ahaleginari esker. Beraz, uste dut dekretu hori «desadostasuna» edo «inposizioa» ezartzeko saiotzat hartzen duenak ez duela errealitatea ulertzen, ezta ezagutzen ere, jakina. Azkenerako, halako balorazioen bitartez sozialistak eta popularrak, edo popularrak eta sozialistak, behin eta berriro ari dira ahalegintzen euskararen inguruko gaiak politizatu daitezen, herritar gehienok (elebidunok zein elebakarrek) naturaltasun osoz onartzen ditugun kontuetan. Hizkuntza politikari buruzko diskurtsoa zentzatu eta zuhurtziaz bete beharra dagoela uste dut, zinez. Ezinbestekoa dugu gatazka girotik aldentzea, hitzetan ere bai, euskararen araubideaz orain edo gero emango diren erabakien balorazioak egiterakoan. Izan ere, herri erakundeek jarraitu egingo dute, iritziak iritzi, euskararen erabilera arautzen eta indartzen, gizarte guztiz elebidun eta lotsaizunik gabea lortu arte. Eta, bide horretan, Gipuzkoak euskal gizartearen trakzio lana egin behar du, bere egoera soziolinguistiko hobeari etekina atereaz. Uste dut iritsia dela garaia lasai mintza gaitezen hizkuntza eskakizunez, euskararen erabilera planez eta gisakoez, hitzak banan bana eta luze-laburrean neurtzen ibili behar izanik gabe, gainera etorriko zaigun gaitzespen zaparradaren beldur. Zorionez, euskal gizarteak badu argitasunik, eta naturaltasun osoz onartzen ditu euskararen inguruko arauak; hala frogatu izan du urte luzetan. Beraz, uste dut gure betebeharra dela oinarri sendoak ipintzen jarraitzea, euskal herritarrek benetako aukera izan dezaten nahi duten hizkuntza erabiltzeko, bai esparru publikoan, bai esparru pribatuan. Herri erakunde guztioi dagokigu, bakoitzaren eskumenen barruan, herritarren hizkuntza eskubideak benetan erabiliak izateko aukera ziurtatzea, askatasun eta naturaltasun osoz. Eta aukera horien artean dago, noski, euskaraz egitea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario