martes, 1 de julio de 2008
Juan Jose Ibarretxe,Lehendakariaren hitzaldia Legebiltzarrean
Erakundeek herritarrei sarritan galdetzea, horixe da XXI. mendean herritarrek nahi dutena; erakundeen ordezkaritza erabatekoa ez denez, horrek dakartzan ondorioak arintzeko eta leuntzeko nolabait... Herritarrek era askotara har dezakete parte zuzenean. Herritarrek gai jakin bati buruz zuzeneko interes konkreturen bat dutenean, herrigaldeketa da herritarren parte hartzea sustatzeko biderik egokiena”.Ideia hauek, -eta Herri honetako eztabaida politiko eta mediatikoa nolakoa den ikusita, zoratzeko modukoa batzuetan, norbaitek esango luke ideia zatikatzaileak, legez kanpokoak, iraultzaileak eta radikalak direla -, bada, ideia hauek ez dira neureak. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak berak onartu zuen gomendio hau 2001. urtean, herritarrek bizimodu publikoan izan beharreko partaidetzari buruz; gomendioa 44 estatu kideentzako da, eta Estatu espainiarrarentzako ere bai.Gaur, hemen, ohore handiz aurkeztuko dut Lege Proiektu bat, euskal gizarteak bakea lortzeko eta akordio politikoak adosteko duen gogoa aintzakotzat hartuta, eta Europako Kontseiluak emandako gomendio horri erantzunez. Lege Proiektu honetan herri-galdeketa bat egiteko deialdia plazaratzen da, horren bidez, euskal herritarren iritzia jaso nahi dugulako zuzenean, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko negoziazio-prozesuari zer deritzoten jakiteko.Galdeketa egiteko proposamen demokratikoa da, soseguz eta lasai egindakoa, dramatismorik gabe. Herriaren iritzia zein den jakiteko, Herriari hitza ematea, eta horren arabera jokatzea, politikan arduraz jokatzea da, eta, horrez gainera, normaltasun demokratikoa erakustea ere bada.Ez da, ez, inola ere, dramatikoa, herritarrei galdetzea. Indarkeria hor egotea; hori bai, bada dramatikoa. Galdetzea ez da dramatikoa, ez. Demokratikoa da, besterik gabe.Guk tinko eta sendo sinesten dugu demokrazia esku-hartzailean, eta guretzat egun historikoa da Legebiltzar honen bizitzan. Seguru nago, etorkizunean ere, horrela gogoratuko dutela egun hau Euskadin.Lehendakari batentzat, benetan diotsuet, euskal gizarteari hitza ematea, horixe da geure Herriari zor diogun errespetua erakusteko modurik ederrena. Euskal aginte publikook nahitaez planteatu behar ditugu ekimenak, herritar guztiek parte har dezaten Euskal Herriko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean, halaxe jasota baitago berariaz Gernikako Estatutuko 9. artikuluan. Euskal gizartea gizarte modernoa da; zentzuduna eta heldua. Europako gizarte demokratikoa da, eta lasaitasun osoz hartzen du bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea.Herri honetan 10 lagunetik 8 baino gehiago alde dago, beren iritzi politikoa edozein izanda ere, eta normaltasun osoz hartzen eta defendatzen dute eskubide hori.Hau bai, hau, kontraesana! Gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea baliatzeko orduan, XXI. mendean bete-betean: euskal gizartea, lasai eta bare, eta politikoak, berriz, urduri eta artega. Horrexegatik, Legebiltzar honetako ordezkariei ere euskal gizarteak erakutsi digun heldutasun hori bera eskatzen diet, ikuspegi zabal hori bera. Herrigaldeketaren lege-proiektu honi buruz eztabaidatu behar dugu, dramatismorik gabe, mesprezurik gabe.Sinetsita nago Eusko Legebiltzarreko gehiengoak baimena emango duela galdeketa bat egin diezaiogun euskal gizarteari, askatasun osoz bere iritzia eman dezan, indarkeriaren bukaerari buruz, eta, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubideaz, Akordio demokratikoa adostu beharrari buruz.Horri lotuta, a zelako errespetu falta, Erakunde honi buruz egindako zenbait adierazpen! Espainiako Gobernuko Presidenteak esandakoak, eta Alderdi Sozialistako nahiz Alderdi Popularreko goreneko ordezkariek egindako adierazpenak; mehatxuka, galdeketa geldiarazi egin behar dela, kosta ala kosta, gaur Legebiltzar honetan gehiengoak galdeketa onartuz gero. Eta nire galdera, hauxe da: hori al da gure Erakundeek hartutako erabakien aurrean erakusten duten errespetua? Nola esan liteke edozein eratako galdeketak geldiarazi egingo direla, Eusko Legebiltzarrak ez du-eta oraindik erabakirik ere hartu? Zein demokraziatan dago debekatuta herritarrei galdetzea?Hauxe da, azken batean, auzi honen mamia, bizkarrezurra. Hori al da Estatuak duen borondate demokratikoa, auzitegiei deika dabil-eta denbora guztian, elkarbizitzak dakartzan arazo politikoak konpontzeko orduan! Ez da arazo juridikoa, beraz. Argi dago borondate politikoa dela benetan arazoa.Gaur aurkezten ari naizen ekimen hau bidezkoa da, modernoa eta legezkoa; ekimen hau demokratikoa da, eta berritzailea. Hona hemen arrazonamendu politiko, demokratiko eta sozialak, herri-galdeketaren lege-proiektu honi babesa ematen diotenak:Lehenengoa.- Euskal gizarteari emandako hitza bete dugu.Eusko Jaurlaritzak, bere baitan hiru alderdi politiko dituela – Euzko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua- gure Koalizio Hitzarmenean euskal gizarteari galdetzeko konpromisoa adostu genuen.“Negoziatzeko eta erabakitzeko legegintzaldia” izango zela planteatu genuen. Emandako hitza bete nahian, joan den irailaren 28an, Legebiltzar honetan bertan, euskal gatazka konponbidean jartzeko ibilbide-orria aurkeztu nuen; lehendabiziko urratsa izan zen Espainiako Gobernuburuari itun politikoa aurkeztea, eta, bigarrena, Osoko Bilkura Berezia egitea 2008ko ekainean.Osoko Bilkura, Eusko Legebiltzarrak bi aukera azter zitzan: Edo Espainiako Gobernuburuarekin adostutako Itun Politikoa berresteko, edo, bestela, blokeo-egoera hori gainditzeko galdeketa baterako baimena emateko.Hitza eman genuen, eta emandako hitza bete dugu. Euskal erakunde demokratikoak izango gara aitzindari, bakea lortu eta akordio politikoak adostu ahal izateko konponbideak bilatzeko orduan; hori bai, euskal gizarteari galdetuta, euskal gizarteari entzunda eta bere iritzia errespetatuta.Bigarrena.- Geldialdi politikoa eta indarkeria-egoera gainditzeko proposamena da lege-proiektu hau.Hautsi egin behar dugu, behin betikoz, euskal gatazka konpontzen eragozten digun zurrunbilo geldiezin hau. Urteak eta urteak daramatzagu jira eta bira zurrunbilo horretan barrena, eta halako batean aurrera ekiteko gai ez bagara, ez dugu inoiz irtenbiderik aurkituko; nekea eta etsipena, besterik ez dugu izango.Helburu hori bera lortzearren, iazko urriaren 16an, Itun Instituzionala lotzeko eskaintza egin nion Espainiako Gobernuburuari, Normalkuntza Politikoan eta Bakean aurrera egiteko.Eskua eskaini nion, eta berak ez zuen hartu. Ezetz esan zidan.Zazpi hilabetean egon nintzen zain, eta iragan maiatzaren 20an, oraingo honetan idatziz, berriz ere egin nion Akordioa lortzeko negoziazio-eskaintza. Berriz ere, ezetz. Berriro ere harresi handi bat, Herri honetako egoera politikoa gainditu ezinean gelditzeko. Egoera are larriagoa da, gainera; Espainiako Presidenteak ez zuelako hitz egin nahi izan nirekin, Herri honen ordezkari demokratiko naizen honekin; ETArekin bai, hitz egin eta negoziatu zuen gai hori bera ardatz hartuta, eta hori bera Batasunarekin sinatzeko prest ere egon zen 2006ko urriaren 25ean.Ez da harritzekoa, beraz, euskal gizartea asper-asper eginda egotea ETAren indarkeria dela-eta; ez da harritzekoa neka-neka eginda egotea blokeo politikoa eta politikoen lana ikusita, ez dutelako konponbiderik ekartzen.Baina, zorionez, euskal gizartea zentzuduna eta bizi-bizia da, eta konturatu da berak daukala giltza eskuan, eta aukera bat izan nahi du ETAri exijitzeko indarkeria behin betiko utzi behar duela, eta aukera bat izan nahi du alderdi politikoei eskatzeko, eseri egin behar direla, eta, inor baztertu gabe, hitz egin, eta normalizazio politikorako Akordio bat lortu behar dutela.Euskal gizarteak bere iritzia emateko eskubidea du. Euskal gizarteak ozen eta garbi hitz egiteko eskubidea du, guztioi elkarrizketa eta konponbidea exijitzeko orduan.Hirugarrena.- Proposamena bidezkoa, legezkoa eta demokratikoa da, eta bi galdera egin nahi ditu argi eta garbi.Bidezkoa da, Gernikako Estatutuan berariaz halaxe jasota dagoelako; alegia, euskal aginte publikoek lagundu egin behar dute, herritar guztiek parte har dezaten Euskal Herriko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean.Legezkoa da, loteslea ez den herri-galdeketa bat (eta halaxe jasota dago Lege Proiektu honetan) ez baita erreferenduma, eta, beraz, ez du zertan bete Konstituzioko 149. artikuluak ezarritako betekizunik. Antzeko galdeketak onartuta daude beste autonomia-estatutu batzuetan ere, Konstituzioa aldatu beharrik izan gabe horretarako.Eta demokratikoa da, ez dagoelako ezer demokratikoagorik, herritarrei iritzia galdetzea baino, iritzia zein den jakin eta iritzi hori errespetatzeko.Eta, gainera, argia ere bada; bi galdera egiten baititu, oinarri etikoa eta oinarri demokratikoa aintzakotzat hartuta.Oinarri etikoa lehendabiziko galderan dago jasota:Ados zaude indarkeria elkarrizketaren bidez amaitzeko prozesua bat bultzatzearekin, ETAk aldez aurretik, eta argi eta garbi, indarkeriarekin, behingoz eta betiko, bukatzeko borondatea adierazten badu?Bakea nahi dugulako.ETA dagokion lekuan jarri nahi dugulako. Exijitu nahi diogu indarkeria behin eta betiko utz dezan, eta esan nahi diogu politika egitea politikariei bakarrik dagokiela, alegia, herriaren ordezkari egiazkoak direnei. Euskal gizarteak indarkeriaren aurkako konpromiso etikoa berrestea nahi dugulako, Ajuria Eneko Itunean eta Diputatuen Kongresuan 2005eko maiatzean egin zen modu bertsuan.Oinarri demokratikoa bigarren galderan dago jasota:Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?Euskaldunen arteko akordioa adostu nahi dugulako.Euskaldunen artean lotutako akordioak Estatuak ere errespetatzea nahi dugulako, orain arte ez baita hala izan. Gernikako Estatutua, euskaldunen artean lotutako Akordio hura, 30 urtean dago bete gabe, eta, beraz, Euskal Herriari emandako hitza dago bete gabe 30 urtean.Egoera politikoa desblokeatu nahi dugulako, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubideari buruz, euskal alderdi politiko guztiei negoziatzeko eta akordioa lortzeko dei eginez. Eremu guztietan erabakitzeko eskubidea dugu mintzagai. Erabakitzeko eskubidea autogobernu-eremuan, bai ekonomian, bai kulturan, bai gizarte-arloan ere… Erabakitzeko eskubidea, gainerako euskal lurralde eta erkidegoekin izan nahi ditugun harremanetan. Eta, zergatik ez, erabakitzeko eskubidea, Espainiako Estatuarekin izan nahi dugun harreman politikoan ere.“Elkarrekin bizitzea erabaki ahal izan behar dugu”. Erabakitzeko askatasunik ez badago, elkarbizitza ere ez baita askea izango; inposatua izango da.... Elkarrekin bizitzea eta erabakitzea, elkarri erabat itsatsita dauden kontzeptuak direlako…Erabakitzeko eskubidea eta askatasunean elkarrekin bizitzeko eskubidea izan nahi ditugulako.Erabakitzeko eskubidea baliatu nahi dugulako, euskal gizartearen ongizatea hobetzeko, alegia, gaur egun Herri honetan bizi garen emakume eta gizon guztion bizimodua hobetzeko. Berdin dio zer pentsatzen duten edo nori ematen dioten botoa.Azken batean, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu euskal gizartearen ongizatea hobetzeko.Laugarrena.- Galdeketak ez du gizartea zatitzen; bai, ordea, demokrazia sendotzen.Demokrazia ez da gizarte bat isilaraztea eta iritzia eman ezinik uztea. Aitzitik, herritarrei galdetzea da, herritarren asmoak zein diren jakitea, eta iritzi horiek errespetatzea. Horixe da demokrazia. Demokrazia ez da boto-kontaketa hutsa, boto horiek aintzakotzat hartu behar baitira gero.Herri-galdeketek, herritarrei arazo publikoetan parte hartzeko bidea emanda, ez dakarte zatiketarik, eta, aldiz, sendotu egiten dute demokrazia. Ez du gizartea zatitzen galdetzen duenak, galdetzea debekatzen duenak baizik. Espainiako demokraziak ezin dio beldurrik izan euskal gizartearen iritziari. Herritarren partaidetza eta euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidea hementxe dira, eta gure artean geratuko dira; errealitate hori geureganatu behar dugu, bestela, gure gainetik pasatuko da-eta olatu baten antzera. Gizarteari eman behar diogu nagusitasun politikoa, eta herritarrak izan behar ditugu beti gure jardunaren helburu.Herritarrek parte hartu izan dutenean, argi ikusten denez, gizarte baten bizitzamaila eta prestakuntza zenbat eta handiagoak, gai publikoetan parte hartzeko borondatea ere orduan eta handiagoa izaten da. Izan ere, herri-galdeketak politikan parte hartzeko oso bide arruntak eta ezagunak dira Europan eta munduan. Estatu Batuetan, urte batzuetan –azkenengoz, 2003. urtean- 10.000 galdeketa baino gehiago egiten dira. Europan ere -Suitzan, Bavarian, Austrian…-, ehunka galdeketa egin izan dira azken hamar urteotan.Galdeketa horiek zatitu egin al dituzte gizarteak? Ahuldu egin al dituzte? Ez eta ez, argi eta garbi. Indartu egin dituzte; hori bai. Eta gauza bera gertatuko da hemen, urriaren 25ean gure galdeketa egiten dugunean. Sendotu eta indartu egingo gaitu, ikuspegi etikotik, politikotik eta demokratikotik. Demokrazia osasuntsuak herritarren esku-hartzea sustatu behar du. Gaixo eta ahul dagoen demokraziak, berriz, ez du uzten herritarrei dagozkien auziez galdetzen.Bosgarrena.- Konponbidean abiatu nahi dugu.Galdeketa, bide baten abiaburua da. Eta bide horretan aurrera egin behar dugu, indarkeria elkarrizketa bidez bukatzeko, ETAk indarkeria behin betiko uztea erabakitzen badu. Bide horretan, era berean, euskal alderdi politikook elkarrizketa-prozesuari ekin eta Akordio bat lortu behar dute.Bide bat urratu nahi dugu, 2010. urterako akordio politikoa ekar dezagun, eta, ondoren, indarkeriarik egon gabe, bakean, erreferendum lotesle baten bitartez Akordio hori berresteko.Bide honetan izango dira, bai, trabak eta eragozpenak, baina ilusioz betetako bidea ere izango da aldi berean. Badakigu jakin, zenbaitek bide hau itxi nahi izango digula. Badakigu jakin, zenbaitek geldiune politiko honetatik atera ezinik eta indarkeria-zurrunbiloan bueltaka ikusi nahi gaituela.Baina, euskal gizarteari bide hori itxi nahi dionak, ez dio asko lagunduko demokraziari, eta ez du lagunduko, inondik inora, euskal gatazka konpontzen. Eta, gainera, alferrik ari da.Seguru nago, gaurko eztabaida hau alde batera utzita, eta, are gehiago, datorren urriaren 25ean gertatzen dena gertatzen dela ere, bidea urratu dugula dagoeneko. Ateak irekita daude, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki dezan. Atea zabalik dago betiko, eta inork ere ezin izango du, munduko eragozpen juridiko, traba politiko eta atzerapen guztiak jarrita ere, inork ezingo du ate hori itxi.Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea baliatu behar du, eta bide horrek ez du, ez, atzera bueltarik. Herrien arteko elkarbizitzarako egitasmoak, XXI. mendean, atxikimendu librean oinarritu behar direlako, eta, ez, inposaketan.Nire ibilbide politikoan gutxitan sentitu izan dut gaur hemen sentitzen ari naizena: barruko zirrara eta harrotasuna. Gaurko eguna, 2008. urteko ekainak 27 egun dituela, gure Herri honen historian geratuko da idatzita betiko, eta ondo gordeta geratuko da nire bihotzean bizi naizen artean. Gaur, hemen, Eusko Legebitzarraren Osoko Bilkura honetan, ohore handiz, Lehendakari batek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskal herritarrei zuzenean bi galdera egiteko lege-proiektu bat aurkezteko eta defendatzeko aukera izango du lehen aldiz, XXI. mendean Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duen erakusgarri. Gaur, Legebiltzar honetan gauden emakume eta gizonok, ordezkari gaituen euskal gizarteari hitza emateko aukera izango dugu.Gaur aukera ezin hobea dugu, elkarbizitzarako eskubidea eta erabakitzeko eskubidea defenda ditzagun, bi eskubide horiek banaezinak baitira gizarte libre eta demokratiko batean.Euskal gizarteak ikusi du bere esku dagoela ETAri indarkeriaren amaiera exijitzea, eta ikusi du bere esku dagoela alderdi politiko guztiei eskatzea, Euskal Herriak erabakitzeko eskubideari buruz, euskaldunen arteko akordio bat lot dezagun.Euskal gizartea zain dago, Bakerako eta Normalizazio Politikorako atea zabaltzeko baiezkoa eman diezaiogun. Ez dugu, ez, itxaropen hori zapuztuko.
Seguru nago.
Eskerrik asko.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario