Elkartasuna eta babesa, biak eskertu zituzten andoaingo Baztero Kultur gunean Martxelo Otamendi eta Txema Auzmendi Egunkaria-ko auzipetuek, astearte (09.12.29) iluntzean emandako hitzaldian.
2003ko otsailean Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bizitakoak nahiz abenduaren 15 eta 16an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi zenean bizi izandakoak gogora ekarri, eta errepasoa egin zioten auziari, herritar guztiei «azken bultzada» eskatzearekin batera.
Egunkaria auzia-ren lehen zatiaren epaiketa da, ordea, orain hamabost egun Madrilen hasitakoa, eta aurrerago helduko den bigarren auzia ere, ustezko delitu ekonomikoari dagokiona, ez zuten ahantzi nahi izan Otamendi eta Auzmendik. Lehenengo zatiaren epaiak bigarrenean izan dezakeen edo izango duen eraginaz ere mintzatu ziren. «Hemen irtengo balira gauzak ondo, gure aldera, auzi ekonomikoari dagokion bigarren epaiketara oso egoera egokian joango ginateke», azaldu zuen Auzmendik. Egunkaria-ren itxieraren auzia «gaizki» aterako balitz, ordea, eta auzipetuek zigorra jasoko balute, «bigarrenerako gauzak zaildu egingo lirateke», Auzmendiren arabera.
Zigorrik jasoko ez dutenaren itxaropena izan, badute, baina Auzitegi Nazionalarekin «fidatzerik» ez dagoela uste dute. Otamendiren arabera, «Auzitegi Nazionalean Guardia Zibilak eta Poliziak ez ditu galtzen epaiketak, prestigio guztia dauka jokoan Auzitegi Nazionalak gure auzian». «Itxaropena bai, badugu, baina mesfidantza ere bai», azaldu zuen Auzmendik. Izan ere, aurreko «auzi politikoak» inoiz ez direla irabazi nabarmendu zuen Otamendik, Jarrai-Haika-Segi edo 18/98 auziak gogora ekarriz.
Epaiketak urtarrilaren 12an jarraituko du. Ondoren urtarrilaren 25, 26 eta 27an egingo dituzte saioak, eta orduan jakingo dute gehiago luzatuko den ala ez.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario