miércoles, 17 de febrero de 2010

ZUTIK EUSKAL HERRIA AGIRIA

ZUTIK EUSKAL HERRIA AGIRIA

Zutik Euskal Herria agiriak ondorioak dakartza prozesu demokratikoaz, aldaketaren faseaz... Bada, agiri horretako “Estrategia eta lanabes berriak” puntuan aurkitzen da fase berriaren hasiera deitzen diotenaren GILTZA.

Ikertzaileek eta iritzi emaileek galdetzen dute ea zergatik ez duten ETA aipatzen agiri osoan. Aipatutako puntuari arreta jarriz gero, ikusiko dugu etorkizuneko jokaleku orotatik kanpora uzten duela ETA puntu horretako erabakiak. Hitzez hitz, zera dio: “Eztabaidaren ondorioa da, eragiteko molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzura kokatzea, ziklo berriak eskatzen duen indar metaketaren mesedetan alegia”. Hurrengo ondorioa zera da: indar metaketa jomugatzat harturik, “masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak”. Halaber, “Herri babesa izango da berme bakarra, eta herri mugimendua akuilurik eraginkorrena”.

Argi dago baztertua geratzen dela ETAren borroka armatua, indarkeriazkoa.

ETAk ekintzaren bat burutuko balu, ezker abertzalearen agiri hau onartu dutenek esan egin beharko lukete zer den ETAren jokaera balizko hori eta, beraz, aldentzera behartuko lituzke.

Gaur plazaratutako agiriak Altsasun jasotako oinarriak berresten ditu.

Ezker abertzalearen barruko inflexio-puntua Altsasun gertatu zen eta oraingo ondorioak ordukoen hari berekoak ditugu. Hori bai, aurreko agirian halako lauso batek iluntzen zituen zenbait kontzeptu argitzen saiatzen dira.

Sortzen den galderetako bat zera da: noiz hasten da delako prozesu demokratikoa?, noiztik hasten dira hutsetik kontatzen? Izan ere, jakin badakigu Mitchell irizpideek –alegia, indarkeria erabiltzeari ezetz esatea, indarkeria gaitzestea eta, are gehiago, indarkeriazko mehatxuak baztertzea– formazio politikoen alde askotako elkarrizketa-prozesuan daukatela kokagunea. Zer gertatzen da, baina, alde askotako elkarrizketa hori gertatzen ez den artean? Mitchell irizpideak ez daude indarrean prozesu hori abian jarri artean?

Auzi honen harian, Zutik Euskal Herria agiriak jasotzen duen aurrerapausoa zera da: “fase berriak eskatzen dituen estregia eta tresna berriak”. Hala, ziklo berrirako beharrezkoa den indar metaketaren zerbitzura jartzen ditu eztabaidaren ondorioak ezker abertzalearen jarduteko molde guztiak (borroka moldeak). Honenbestez, argi eta garbi baztertzen dute indarkeriazko estrategia eta prozesu demokratikoaren tresna bakartzat masen borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa izendatzen dituzte.

Kontua ez da agirian “atsegin” zerk ematen digun bilatzen aritzea, edo gure nahia eta errealitatea nahastea; alderantziz, egin behar dena da aztertu ea honek inflexio-puntu bat esan nahi duen ezker abertzalearen norabidean ala zaharrak berri ote ditugun.

Jakina, agiri honetan jasotako konpromisoak ikusirik, ETAk horiekiko erabakitzen duena erabakitzen duela, bere “ekintzak”, burutuko balitu, kalifikatu egin beharko dituzte Zutik Euskal Herria agiria sinatu dutenek eta argi eta zalantzarik gabe aldendu bide horietatik.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com