lunes, 22 de noviembre de 2010

Andoni Baltasar EAJko hautagaia alkatetzarako

Aurreko Aiurri astekarian aurreratu bezala, EAJ-PNV alderdiak Andoni Baltasar Agirrezabalaga 41 urteko andoaindarra aurkeztuko du alkategai modura. Hauxe, hedabide bati eskaini dion lehen elkarrizketa:
Andoaindar batzurentzat ezustekoa izan daiteke zu zeu alkatetzarako hautagai izatea. Noiztik eta nola garatu zen aukera hori?
Andoni Baltasar.
Hasiera batetik alderdiaren asmoa aurpegi berriak aurkeztea zen. Orain bi urte edo, herri mailako EAJren talde eragilea berritu zen eta berarekin batera Udal hauteskundeetarako nahiz udaletxean lanean aritzeko lantaldea osatzen hasi zen.
Alkategai izateko proposamena jaso nuen. Ez nuen espero, eta asko pentsatu ondoren aukera polita zela iruditu zitzaidan. Baiezkoa erantzun nuen, izugarrizko gogoarekin gainera.

EAJ alderdiak horrelakoetan zein prozedura darabil?
A.B.
Hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu eta denbora tarte jakin batean alderdiko edozein afiliatuk bere burua aurkez dezake. Afiliatuak bere burua aurkeztu nahi ez badu ere, alderdiko beste afiliatu bat proposa dezake. Alderdiko herriko juntak nire izena proposatu zuen. Ondoren, asanblada deitu zuten eta aho batez onartu zen.

Orain arte EAJ alderdiaren ikur eta bozeramaile taldearen etorkizuna zein izango da?
A.B.
Hautes zerrenda berritu nahi dugu, jende berriarekin osatuko duguna. Denbora gehien daramatenek utzi egingo dute, nahiz eta lan egiten jarraitu. Orain artekoetatik Mari Jose Izagirrek soilik jarraituko du. Denbora gutxien daraman zinegotzia da, eta hurrengoan ere hautagai izango da. Gainerakoek atzean lanean jarraituko dute, aurpegia eman gabe.

Zurekin batera zerrendan doazenak noiz aurkeztuko dituzue?
A.B.
Oso aurreratuta dago zerrenda, baina argitaratzeko moduan oraindik ez.

Alderdikideak aipatzen hasita, agintaldi honen inguruko balorazioa egiteko gai ikusten al duzu zure burua? Nola baloratzen duzu alderdikideek egin duten lana?
A.B.
Egia esan, mapa politikoari begiratuta, guretzat eta alderdi abertzaleentzat oso zaila dago. Ezker abertzaleak ezin izan zuen bere garaian zerrenda aurkeztu, orduan, mapa politikoa erabat aldatu zen. Alderdi sozialistak 8 ordezkari ditu, eta guk 4. Alde horretatik, indar gutxi egin genezake.
Dena den, gure ordezkariek egin duten lana iritzia ematea izan da, batzuetan gobernuaren alde eta besteetan aurka.
Gure programa politikoari eutsi diogu. Aurrekontuei dagokionez, adibide bat jartzearren, aldeko bozka eman genuen baina hori izan zen guk aurkeztutako emendakinak kontutan hartu zirelako.
Denbora honetan gure lana egiten saiatu gara baina, esan bezala, egungo mapa politikoak ez du aukera handirik eskaintzen.

Hamaikabat alderdiko buruzagia koalizioaren aldekoa da. Koalizioan ala bakarrik, nola aurkeztuko da EAJ Udal hauteskundeetara?
A.B.
Talde politiko gisa, alderdi jeltzaleak uda aldean Hamaikabat alderdiari koalizioan joateko proposamena luzatu zion. Independiente modura edota Hamaikabateko ordezkari gisa aurkezteko aukera eskaini zitzaien, beti ere gure zerrendan sartuz.
Erantzunaren zain gaude. Guk bitartean lanean jarraitu dugu, bakarrik aurkeztuko bagina bezala. Horrek ez du esan nahi hauteskundeen aurretik edo ondoren gure indarrak batuko ez ditugunik.

2007ko datuei erreparatuta, alderdi sozialistak koska handia atera zuen botoei dagokionez. Hori aldatzeko gakoa zein izan daiteke, zuen ustez?
A.B.
Jakingo bagenu! Jende berria aurkeztuko dugu, lan egiteko modu berriarekin. Azken bolada honetan, eta akaso gure errua ere bada, udaletxearen eta herritarren artean tarte handia dagoela iruditzen zaigu. Udala herritarrei hurbildu nahi diegu. Nola? Modu askotara egin daiteke; kalera ateraz eta hurbiltasuna erakutsiz.
Herritarrok maiz gure kezkak jakinarazteko beldurra izan ohi dugu, baina hurbiltasuna beharrezkoa da. Programa egiteko orduan, jendearen kezkak eta beharrak zeintzu diren jakitea da gure asmoa.

2011ko maiatza urruti dago, orain zein mezu zabaldu nahiko zenukete herritarren artean?
A.B. Esperientziari dagokionez ezin asko esan, baina beti daukagu gure alderdiak urteetan izandako jendearen laguntza. Gure aldetik eskaintzen duguna lana egiteko gogoa da, eta ilusioa.
Lan egiteko garai horretan jendearen eskakizunei kasu egingo diegu. Eta erantzuna ematen saiatuko gara. Kalean egongo gara, gu ere herritarrak garenez, prestutasuna eskaintzen dugu.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com