1884-1976 espainiar kolonia
1976 Espainiak Mendebaldeko Sahara uzten du, eta, orduantxe, Frente Polisarioak aldarrikatzen du Sahara Arabiar Errepublika Demokratikoa askatu berriak diren lurraldeetan. Marrokok eta Mauritaniak hartzen dute Sahara, Espainiarekin sinatu ondoren Madrilgo hitzarmena.
1979 Bakea izenpetzen du Mauritaniak Frente Polisarioarekin eta Sahara Arabiar Errepublika onartzen.
1991 Marrokok eta Frente Polisarioak su-etena deitzen dute. Alde biek bake akordioa onartzen dute –ONUren babespean-. Autodeterminazio erreferenduma jasotzen du hitzarmenak; 1992rako deitua izanen zena, egun, 18 urteren ondoren, hor dago, noiz egingo zain.
Zer dela eta ez da gauzatu erreferenduma?
Marrokok aurkeztu dituen errekurtsoetan dago zergatia. Eskatzen baitu eskualdeko marokoarrek ere izan dezatela erreferendumean boto eskubidea. Eta, auzia ebatzi bitartean, marokoar kolonoz bete dute Mendebaldeko Sahara eskualdea, egun, sahararrak gutxiengoa izatera iritsita.
Zentsua nola manipulatu trikimailuetan ibilita ere, ezezkoa diote erreferendumari. Ematera prest dagoela dio Marrokok “soilik autonomia, hegoaldeko probintzia” deitzen dion horri. Horrela, 2007an, autonomia proposamena luzatzen du Mendebaldeko Sahararentzat, baina, haren menpeko. Aldi berean, proposatzen du Saharako talde eta tribu desberdinetakoek batzordea osatu dezaten, non deituak izango diren ordezkariak erregeak berak izendatuko dituen. Frente Polisarioak ez du proposamena onartzen.
Marokok garbi azaldu du: “erreinua zati ezina da”. Hortaz, nazioarteak erregeari –orain artean ez bezala- azaldu beharrekoak egin ezean, bereari eutsiko dio erreinuak. Jakin badaki, gainera, denboraren joana, aldeko duela.
Egungo egoera: Sakabanatuta dagoen Herria
Marroko sartuta, milaka sahararrek egin zuten alde, eta 35 urteren ondoren, Sahara Herria sakabanatuta bizi da, ondorengoetan:
- Batetik, Tindufen, errefuxiatu kanpamenduetan –Aljeriako basamortuan-. Berrehun bat mila pertsonek bizi baldintza gordinetan egiten dute haien egunoroko bizitza (50 gradutik gorako tenperatura udan eta zero azpikoak negu partean; haize erauntsi eta ekaitzak noiznahi, eta, elikagai eta ur eskasia.
- Bestetik, lurralde okupatuetan. Ihes egiterik izan ez zutenak dira bertan, marokoarrak nagusi dituztela.
- Azkenik, erbestean, mundu zabaleko toki anitzetan.
Lurralde okupatuetan: giza eskubideen zapalketa
- Bostehun saharar baino gehiago desagertuta ditu Marokoko gendarmeria eta ejertzitoak –torturak, nolanahiko atxiloketak, bahiketak…, dira ohikoak-.
- Errepresio politikoa eta kultura mailakoa: saharar ikurrak debekatuta daude; haien askatasun politikoa gauzatzea ere bai –Marokoko bandera dago soilik ikusgai-.
- Militarizazio gogorra: ehun eta hogeita hamabost milatik gora militar dago eskualdean.
- Kultura, Hezkuntza eta Hedabideak marokiartu nahia –milaka kolono bertaratzeaz gain-.
- Bertako baliabide natural aberatsen garbiketa (arrantza eta fosfatoak).
2009an, europar Legebiltzarrak –nazioarteko beste erakunde askoren antzera- bere kezka azaltzen dio ONUri, eskualdean giza eskubideen urraketa dela eta. Bereziki azpimarratzen ditu: adierazpen askatasuna, eta, elkartze, manifestatze eta komunikatze askatasunak.
Egoera humanitario larria errefuxiatu kanpamenduetan
Hiru hamarkada pasatxo hauetan, saharar Herriak eutsi ahal izan dio nazioarteko laguntzari esker. Zailtasunak zailtasun, haien ohiturak gordeta, borrokari tinko egin diote. Berebiziko ahalegina egin dute herri-antolakuntzan, eta, horri esker, egun, analfabeto kopurua zero da ia haien artean- haurtzaindegiak, egon badaude; baita eskolak eta ospitaleak ere. Haur guztiek jasotzen dute eskola bidezko hezkuntza-..
Kanpamenduetako biztanleentzat mamu handia da mundu mailako ekonomia krisia; erakundeek bideratzen zizkieten laguntzetan murrizketak jaso baitituzte –ONUren ACNUR erakundeak, esaterako, mozketak egin ditu jada-.
Euskal Herria biziki ukitu du beti Sahara Herriaren egoerak. Eta horrela sortu ditugu, besteak beste: Euskal Fondoa – Saharar Koordinazio Unitatea, Legebiltzarreko barne taldea edo saharar haurren oporraldiak gure herrietara. Ibarretxe lehendakariak estatu agintaritzat hartu izan du beti, RASDeko presidente dena.
Kolonizatzaile izan den Espainiaren erantzukizuna
Kolonizatzaile izana zela eta, Espainiak huts egin zuen bere erantzukizunetan. Sahararren autodeterminazio eskubidearen aldekoetan jardun ordez, nahiago izan zuen, marokoarrak aseko zituen hitzarmena itxi, saharar Herriari bizkar emanda. Autodeterminazio eskubide horren konpromisoa Juan Carlos erregeak beregain hartu eta hilabetera, Espainiak izenpetzen du Madrilgo hitzarmena Marroko eta Mauritaniarekin. Hitzarmenak jasotzen zuen “banaketa” legez kanpoko jo zuen ONUk (Madrilen, udazkenero, antolatzen den manifestazioa ilegaltasun horren oroigarri izan ohi da).
Espainiak Sahara utzi zuenetik, anbiguotasuna izan da jardun nagusi gobernuz gobernu (edo Marrokorekiko elkarkidetza). Espainiako gobernuak ez du RASDaren gobernua, ofizialki, halakotzat jotzen. Azken aste hauetakoak ikusi besterik ez dago. Gdaim Izikeko saharar kanpamenduari eraso bortitza gertatuta, Espainiako gobernuak ez dituela Marrokorenak gaitzetsi nahi izan. Zapatero presidenteak bere adierazpenetan argi utzi du “Espainiaren intereseko direnak omen direla bere gobernuarentzat lehentasun”.
Nazioartearen erantzukizuna
- Nazioarteko arautegiak honela jasotzen du Sahararen estatus juridikoa: “Kolonizazioa gainditzeke duen lurraldea, zeinarengan, Marrokok ez duen inolako subiranotasun titulurik”. 1975ean, Hayako Nazioarteko Justizia Auzitegiak aitortzen du saharar Herriaren autodeterminazio eskubidea, baina, ekonomia gainezarri zaie sahararren eskubideei nazioarte mailan.
- ONU erakundeak adostutakoa, ez du ONUk berak ere lortu, Marokok bete dezan. Bake hitzarmena onartu eta hemeretzi urtera, erreferenduma gauzatu gabe dago.
- Mendebaldeko Sahararen Erreferendumerako Nazio Batuen Erakundea -1991tik bertan dena- da egun, ONUren bakezko ordezkaritza bakarra; eta ordezkaritza honek ez dezake ezer esan, giza eskubideekin zer ikusia dutenetan –premia itzela egon dagoen arren-.
- Marokok aliatu bikainak izan ditu; dela Espainia, dela Frantzia.; baita Estatu Batuak ere.
- Europar Batasunak bazterrean utzi ditu saharar Herriaren eskubideak, Marrokorekiko bere harremanetan. Marrokori ematen zaio, 2008aren amaieran –beste inori baino lehen- Harreman Aldebikoetarako Estatutu Aitzinatua. Estatutu honi esker sartzeko aukera izango du Batasuneko zenbait egitasmotan, ahaztu gabe, eskainiko zaion lehentasuneko harreman politiko, ekonomiko eta soziala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario