martes, 21 de octubre de 2008

EUSKAL HAUTETSIEN DEIALDIA EUSKAL HERRITARREI


EUSKAL HAUTETSIEN DEIALDIA EUSKAL HERRITARREI

Euskal Herriaren Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi bateratuan parte hartzeko deialdia Ekitaldia zertan den.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, Eusko Alkartasunak, Ezker Batuak eta Aralarrek erabakitze eskubidearen aldeko ekimen bateratua antolatu dute datorren URRIAREN 25erako. Hura genuen euskal herritarrok, bakea eta normalkuntza politikoaren gainean galdetuak izateko data; hura genuen kontsulta eguna, eusko Legebiltzarrak gehiengoz hala eskatuta; baina aipatu legeari helegitea aurkeztu zion gobernu espainiarrak, eta azkenik galdeketa debekatuta, bertan behera bota zuen auzitegi Konstituzionalak.

HITZA HITZ lelopean, gaituzte deitu herritar garenok GERNIKA eta GASTEIZ arteko kokagune desberdinetan batzera; eta gure hautetsiek Gasteizen ospatzekoa den ekitaldi politikoan hartuko dute parte.

Hautatuak izan diren kokagune desberdinetan osatu nahi dira fisikoki, han bertan, batetik, izate politikoa duen unitatearen izena, eta bestetik, debekatua izan den galdeketaren galderak eta haiei, gure erantzunak.

Horregatik, ekimen-ekitaldian parte hartu nahi duten herritarrek osatu beharko dituzten hitzak ondorengoak izanen dira: EUSKAL HERRIA BAKEA BAI ERABAKIA BAI; Eta osatuko dituzte, hurrenez hurren, GERNIKAN, AMOREBIETAN, DURANGON, URKIOLAN, LEGUTIANON eta GASTEIZEN.

Hau da, Gernikan EUSKAL hitza osatuko da. Amorebietan HERRIA hitza. Kontsultaren galderetatik lehenaren esanahia laburbiltzen duen hitza, BAKEA alegia, Durangon, eta galdera honi gure erantzuna, BAI, Urkiolan. Bigarren galderaren esanahia laburbiltzen duen hitza, ERABAKI, Legutianon, eta berari gure erantzuna, BAI, Gasteizen.

Ekimen-ekitaldiari amaiera emango zaio, euskal hautetsiak, Gasteizen, BAI hitzaren inguruan bat eginda, 13:00etan.

Aipatu lau alderdiek euskal herritarrak deitu dituzte GERNIKAN ZORNOTZAN DURANGON URKIOLAN LEGUTIANON eta GASTEIZEN batu daitezen. Kontzentrazioak amaituta, toki horitan guztietan firmak bildu ahal izango dira, alderdi politikoekin bat eginda, Europako foroetara, nahiz nazioartekoetara jotzeko –besteak beste, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia.

Antolatutakoaren arabera, herritarrak, nor bere topalekura, 11:00ak aldera gerturatuko dira; 12:00etan lehen hitza osatzen hasiko dira Gernikan, eta ondoren gainontzeko kokaguneetan beste bostak osatuta, ekitaldia 13:00etan Gasteizen amaituko da.Zazpi herrialdeetako hautetsiak, erakunde guztietatik etorriak, Gasteiza hurbilduko dira, eta han daudela, adierazpena irakurriko da. Adierazpena, laburra bezain argia; oinarri, zutabe biak dituena: Bakea, giza eskubideak eta erabakitze eskubidea.

GIPUZKOARRAK LEGUTIANORA (ARABA) DEITU GAITUZTE ERABAKIA HITZA OSATZERA, ETA HITZA, 11:00ETAN OSATZEN HASIKO GARA.

Ekimenaren helburuak.

Debeku berri baten aurrean gaude, epaitegi Konstituzionalak bertan behera utzi baitu, Eusko Legebiltzarrak onartu duen kontsulta legeari bidea emateko aukera. Honela, garbi uzten du Konstituzionalak, bere ikuspuntutik, ez dagoela espainiarra ez den beste Subiranotasunik; euskaldunok ez dugula erabakitzeko eskubiderik; ez izateagatik, ez dagoela Euskal Herririk ere. Halako jarreren kontra, Euskal Herria izan badela eta Erabakitzeko eskubidea berea duela uste dugunok gaude hemen; Hemen gaude, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko, kontsulta egiteko, eskubidea duela uste dugun herritarrak, eta erabaki hori Estatuak errespetatu behar duela pentsatzen dugunak. Hauxe da, hain zuzen ere, URRIAren 25eko ekimenaren bidez aldarrikatu nahi duguna.

Ekimena bultzatu dugun lau alderdiek oinarrizko zutabe bitan dugu bat egiten: Bakean eta erabakitze eskubidean. Eta horiexek dira ekitaldia iragartzeko landu dugun kartelerako hautatu ditugun hitzak –Bakea eta Erabakia-, eta herritarren gehiengoak ere, horiekin bat egiten duela dugu zinez irizten. Bakea eta erabakitze eskubidea ardatz dituela eraiki beharko baitu gure herriak bere etorkizuna; eta horietatik urruntzen dena, bietatik edo bietako batetik, ez baita etorkizunezko herri aukera izango.

EAJ-PNV EA EB eta ARALARren antzera, gizartearen gehiengoak berea egin du “indarkeriarik ez” printzipioa; eta aldi berean, giza eskubideak errespetatzearena: pertsona ororen giza eskubideak, salbuespenik gabe. Gehiengo horrek halaber, salatu egin nahi du egun indarrean duten legedia, oinarrizko eskubideak eta funtsezko askatasunak murrizten dituen neurrian. Ekimenaren bultzatzaile garenok, giza eskubideen defentsan partzelaziorik egon ez dadin dugu defendatzen; eta defendatzen aldi berean, ETAk, behin betiko, bere estrategia armatuari utz diezaion. Horiek defendatuta, argi ditugu bereizten bake-beharra, gatazka politikoa konpondu behar izatetik. Eta gatazka politikoari konponbidea aurkitu nahi bazaio, ezin bidali gaitzakete, besterik gabe “ezetz” esanda, “gatazkarik ez dagoela” esanda, “arazorik” ez dagoela esanda. Horiek horrela, begi bistakoa da, datorren urriaren 25ean kontsultarik gauzatuko ez bada, arrazoi bakarra, debekua dela; debekuak zaharrak zaizkio ordea geure herriari, duela 169 urte -1839an, eta hain zuzen ere, urte hartako urriaren 25ean- onartu baitzuten euskal foruak indargabetzen zituen legea. Zaharrak, berri…! beraz. Eta ordutik gaur arte, lehenagoko datarik ez aipatzeagatik…, dihardu euskal gatazka deritzonak.

Ekimenaren bultzatzaileok defendatzen dugu, gatazka konpontzeko, aitortu beharko dela Euskal Herria izan badela. Ez gatoz bat Konstituzionalarekin; epaitegi honek ukatu egiten baitu izate hori. Eta esan nahi dugu, geure ahalegin osoa bideratuko dugula, bere etorkizuna erabakitzen denean, protagonista, euskal gizartea egiten.

Gogora ekarri nahi dugu, Europako Herrialde-Batzordeak onartu berri duen ebazpena, eta aho batez onartu gainera joan den urriaren 8an. Ebazpenak kide diren Estatuei gomendioa die luzatzen; hain zuzen ere, herritarren artean kontsulta demokratikoei bide eman diezaieten. Honela -herritarrei galdetuta- indargabetuko baita indarkeria, eta aldi berean, erraztuko baita, europar demokrazia sistema baztertzen dutenen partehartzea. PSOEk eta PPk baiezkoa eman diote Europan aipatu ebazpenari. Hemen aldiz, ukatu egiten da, eta espreski gainera, Europaren bihotzean homologatzen ari den tresna.

Bestalde, ekimen hau bultzatzen dugunok nahi dugu esan, herritarrek aske eta demokratikoki erabakitzen dutenetik sortzen dela, beharrezkoak diren egokitzeak negoziatzeko betebeharra; konstituziozko betebehar honi Estatu espainiarrak uko egin nahi badio ere. Demokraziazko printzipioak dioenaren arabera, euskal Herritarrek aske eta demokratikoki erabakitakoari eman behar baitzaio bide. Eta agintari denak, hori, ezin debeka dezake, bide eman baino. Estatu espainiarraren erantzuna, horra: “ ez, zuek ez duzue eskubiderik ”. Guk aldiz, diogu: “Bai, gure bide hau luzea da; eutsi…, hori da egin behar duguna. Bada biderik bakoitzaren egitasmo politikoetatik haratago. Bakearen alde, pertsona ororen giza eskubideen alde, asko dugu egiteko; luzea da normalkuntza politikorako bidea; luzea, Euskal Herria herri dela aitortuko duena; erabakitze eskubidea gauzatuko duena; ez dugu etsiko ordea. Debekuak, debeku dira; ukapena da, eta gure kasuan, errealitatearen ukapena ”.

Horregatik guztiagatik, lerro hauetatik, herritarrei orokorrean, -guztiei- eta bereziki aipatu printzipioekin bat egiten duzuenei, dei egiten dizuegu, erabakitze eskubidearen aldeko ekimen ekitaldian, lasaitasunez eta humoretsu, parte har dezazuen. Zuen konpromisoaren bila gabiltza; konpromisoa, guztion gauza dela uste baitugu. Etorkizunak erakutsiko digu zutabe biek - Bakeak eta erabakitze-eskubideak- eskenatoki berri baten aurrean gaituztela kokatuko. Hori dugu gure lelo.

Ekimenerako prest; konpromisoa berea duen herritarra dugu espero; egunak emango duenaz gozatzera etorrita, bide luze honetan, etorkizunean pauso berriak eman beharko ditugula jakitun.

Mila esker.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com