jueves, 25 de febrero de 2010

INPOSATU BAI BAINA ALDATU, EZ GAITUZUE ALDATUKO

CASTELLANO


Urnietako zinegotzi eta 2011tik aurrera Urnietako Alkatea izango den Maribel Vaquero Monteroren
gutun hau argitaratzen dugu gaur.

Jarrai lanean Maribel eta Alkatetzan ikusiko zaitugu.

Urnietako herria zai daukazu



.

Maribel Vaquero Montero

EAJko legebiltzarkidea eta Urnietako zinegotzia

INPOSATU BAI BAINA ALDATU, EZ GAITUZUE ALDATUKO

Hiru hamarkada igaro dira Espainiako Gorteek Espainiako bandera eta beste ikurren erabilerari buruzko legea onartu zutela. Orain iritsia da bandera espainiarra inposatzeko garaia, Epaitegi Goren espainiarraren aginduz. Ez da ez hutsaren hurrengoa aipatutako legea onartu zuten unea: 1981.urtea, Estatu kolpearen ahalegina burutu zuteneko urtea, alegia. Orduantxe hasi zen inboluzio politikoa gure herri-nortasuna urardotzeko eta euskal berezitasuna deuseztatzeko. Eta horretan gara hogeita hamar urte eta gero. Orain, lotsagabekeriaz eta ausarkeriaz datoz Espainiako bandera Gipuzkoako Diputazioan inposatzera.

Ez gaituzte engainatuko aniztasunaren eta desberdinen arteko akordioen aipamenekin. Espainiako banderak “nazioa sinbolizatzen du” eta “[Espainiako] aberriaren subiranotasun, independentzia, batasun eta osotasunaren zeinu da eta Konstituzioaren balio gorenen ordezkaria da”. Hemen ez dago lekurik nazio desberdinen aniztasunerako ezta beren arteko akordiorako ere. Nazio bakarra existitzen da, espainiarra, eta bere sinboloa da bandera hori-gorria. Horregatik, gainerako ikurren artean “leku nagusia” hartuko du. Estatuaren ikuskera hegemonikoa ageri da hemen: nazio espainiarraren existentzia bakarrik onartzen du, bere subiranotasuna soilik aitortzen, bere batasun urraezina onesten, eta horri makurtu behar zaio nazio-kontzientzia duen herri oro. Horregatik inposatzen dute bandera menperatzaile hori. Hain zuzen ere, hementxe dago Euskadiren eta Espainiaren arteko gatazka politikoaren iturburua. Bada, bandera hori-gorriak gipuzkoar gehienen barnean bizirik gordeko du espainiar hegemonia nazionalaren mentalitatea zuzengabea dela eta duintasuna zanpatzen duela.

Goazen aurrera urteotako estrategia aletzen, ikusiz zein era txarrean eraman duen espainolismoak Euskadi edo Euskal Herria izeneko errealitate hau. Zerbait denik ukatzen bada, ez dago zertan borrokaturik existitzen ez den horren kontra. Adibidez, egiatzat hartzen bada lamiak ez direla existitzen, ez da estrategiarik antolatzen haiek garaitu eta suntsitzeko. Zentzugabekoa litzateke. Era berean, pentsatzen bada ez dagoela beste nazio-nortasunik nagusia salbu, zentzuzkoa da ez ezer egitea haien aurka. Baina gure kasuan ez da horrela. Ikusten dugu euskal herriari izana ukatzen diotela: ez dago euskal herririk; baina hori diotenak jakinaren gainean daude hori ez dela egia; izan ere, jo eta su dabiltza ez den horren aurka borrokan. Egitasmo kontranazionalista darabilte herri hau itxuragabetu eta desegiteko, herritarren nortasun berezia galtzeko, erabakitzeko eskubidea eta eskubide hori zehaztu eta burutzeko ahalmena aldarrikatzen duen kontzientzia ahuldu eta ezerezteko. Bandera espainiarra Gipuzkoako Diputazioan eta beste erakundeetan inposatzea aipatutako diseinu kontranazionalistaren urrats bat besterik ez da. Pentsaera honen normalizazio-asmoan sartzen da: Euskadiren nortasun seinalea, eta Gipuzkoarena ere bai, berdintasuna izan behar da. Utikan desberdintasunak, kanpora euskal berezitasuna. Berdintasuna, diote Patxi Lopezek eta PSEk, PPrekin batera. Gure erakundeak izan daitezela beste autonomietako erakundeen berdinak herritarren begietara: espainiar bandera erdian eta gainerakoak ezker-eskuinera. Alde guztietan irudi bera.

Ez da esan zaharra gure Diputatu Nagusia, Markel Olano: “Euskadi autonomia huts bilakatzea da Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren xede nagusia. Ez dute Euskadi aintzat hartzen, ez baitute jotzen begirunea zor zaion subjektutzat baizik aldatu beharreko subjektutzat”. Alegia, erabateko aldaketa nahi dute, Hiri-libertateak elkarteko ahots batek dioenez: “Ez bakarrik Gobernu aldaketa, baizik aldaketa ideologikoa eta zibila behar ditugu”. EAJ eta bere herri-ordezkariok ez gatoz bat pentsamendu bidegabe horrekin, gure nortasunari eraso egiten diolako eta gure herritar- eta herri-eskubideei kalte, egiazko bakea lortzeko oztopo delako eta benetako normalkuntza politikorako eragozpen.

Aldaketa operazio honen baitan, Diputatu Nagusiaren deialdi bat jaso dugu herritarrok eta herri-ordezkari garenok: datorren larunbat honetan, hilak 27, goizeko 11:00etan, Gipuzkoako Diputazioaren aurrera joateko, “eusko lur gainean zutunik” erantzutera gehiengoaren borondatearen aurka bandera espainiarra inposatuko digutelako. Norbaitek, suminaren suminez, izan dezake ez joateko tentazioa. Ni joan egingo naiz. Haserre, baina joango naiz. Bilkura horretan izango naiz esateko inposatuko dizkigutela beren sinboloak Diputazio-jauregiaren kanpoaldean, baina ez dutela Diputazio barrua konkistatuko eta menderatuko. Barruan, hor ariko dira gure diputatuak, Markel Olano buru dutela, Gipuzkoa gobernatzen euskal nazioaren kontzientziak eraginda. Inposatuko dituzte beren ikurrak baina ez dute aldatuko gure nortasuna: gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Eskerrik asko Maribel !!!
Eskerrik asko Urnieta eta Gipouzkoaren alde egiten duzun lanarengatik

Eskerrik asko Maribel !!!

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com