lunes, 6 de septiembre de 2010

ANDOAINGO ZENTZUGABETASUNETAKO BAT, BESTE BAT

Norbaitek zabaldu eta banatu dezala zentzutasun pixka bat herrian

Eskerrik asko Jon Ander lehena izateagaitk


Abuztuaren 31, lanetik atera eta bizikleta gainean etxerako bidean noala Andoni Alvarez pilota eskolako arduradunarekin topo egin dut. Uda osoan elkarren berri izan gabe eta hizketan hasi gara. Aspaldi elkarri zor diogun bazkari hori egiten ez dugunez, denbora luzez Andoaingo gai askoren inguruan hitz egiteko joerari eutsi diogu.

Futbolaren inguruan sortu den giro petralaz hizketan hasi gara, eta Alvarezek aipatu dit futbolaren inguruan Andoainen bizi den giroa nik sumatzen dudana baino gaiztoagoa dela.
Sinesteko zaila irudituko zaizu, irakurle, baina minutu bakarrera eta gure begien aurrean egoera benetan gaiztoa dela frogatu ahal izan dugu. Gugandik gertu igaro da Andoaingo futbolari ezagun bat, Euskaldunan kapitain modura ibilbide polita egindakoa. Uda honetan lagun arteko giroan Ontzerrirekin jokatzeko prest agertu da. Elkar agurtu dugu eta berak Txistokiko bidea hartu du, lanera joateko. Metro gutxira, herrikide batek geratu du. Biak hizketan jarri dira, bata Ontzerriko jokalaria eta bestea Euskaldunako zuzendaritzako kidea.

Ezustekoa ondoren gertatu da. Hogeita bost metrora geundela entzun ditugu bata besteari epelak aurpegiratzen, gure belarrietara elkarri botatako biraoak eta hitz zatar ugari iristen zelarik. Ez dira txiripaz mutur joka hasi.
Zur eta lur geratu gara biak. “Ez da posible, honen inguruan idatzi beharra daukat, Andoni”, barrenetik atera zait.

Nola liteke futbolaren inguruan horrelakorik gertatzea? Horiek eta beste galdera gehiago sortu zaizkit Andoni agurtu eta etxerako bidea hartu dudanean.
Imajina dezaket Euskalduna bezalako egitura bati eustea ez dela batere samurra izango, eta herri mailako klub batean aritzea esker txarrekoa dela askotan. Baina, bestalde, zaila egiten zait ulertzea Andoaingo 24 gazte Allurralden futbolean aritzeko aldarrizkatuz pankarta baten atzean jartzea, edota Usurbilera jokatzera joan behar izatea.

Eta bihotzean sekulako mina ematen dit jendea horrela ikusteak. Egoera zatar horietatik igarotakoa naizelako. Eta ondotxo dakit bide horrek ez duela ezer onik ekarriko. Horrelako eztabaida gordinak kaltea besterik ez du sortzen. Kalte psikologikoa, gainera. Ikusten ez den kaltea. Arintzen eta sendatzen kosta egiten den kaltea.

Gaiaren inguruan ez daukat iritzi garbirik, ez daukadalako nahikoa informaziorik. Ez dut, oraingoz, jakin gabe hitz egin nahi. Lekuko izan naizen egoerak eraman nau idaztera.
Urak bere bidetik atera aurretik eztabaidaren muinean daudenei zentzuz jokatzeko deia egin behar diegula iruditzen zait. Zeren eta benetako eztabaidan zenbat lagun –lagun diot, bai– parte hartzen ari dira? Sei? Zortzi? Hamar? Ez dira askoz gehiago izango akordio batera iritsi ezinik dabiltzan ordezkari edo bozeramaleak.

Gatazka honetan sartu direnek tentu handiz jokatu beharko luketela iruditzen zait. Izan ere sei, zortzi edo hamar pertsona horien ezin ulertuaren eraginez jende asko alde batera edo bestera lerratzera behartzen ari direlako.

Lanerako garaia da, ez borrokarako. Akordioari eta elkarkidetzari ateak ireki behar dizkiote, zauriak betikotu nahi ez badira. Andoaindarrek, gainera, ez dute horrelakorik merezi. Nahikoa arazo gordin badago eta, lehendik ere.


Jon Ander Ubeda Aiurri.com

1 comentario:

Jose Antonio dijo...

aste bukaeran DV eta Aiurri irakurri ondoren, nork duen arrazoia oso argi ez daukat baina Euskalduna garbi jolasten ez ote dabilen errezelua hartu dut

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com