lunes, 7 de febrero de 2011

7.000tik 9.000ra arteko enplegu-galera Euskadin 2010en




Nahiz eta Euskadiko enpleguak 2009an sufritu zuen krisi honen hozkadarik handiena, 2010ean lanpostuen galerak jarraitu egin du, askoz apalago bada ere.

Hala erakusten dute gutxienez eskura ditugun iturriek, INEren Biztanleria Aktiboaren Inkestak (EPA) ezik: biztanleria aktiboaren euskal inkestak –EUSTATen PRA delakoak–, okupatutako langileriaren azterketak –EUSTATek egiten dituen Hiruhileko Ekonomia Kontuak–, Gizarte Segurantzan izen eman dutenen bilakaera, edo Estatuaren Enpleguko Zerbitzu Publikoak –garai bateko INEMek– Euskadin egindako langabetuen zerrenda, eta urtarrilaren 1etik LANBIDE Enpleguko Euskal Zerbitzuaren esku dagoena. Berriro diogu: EPAk salbu, beste neurgailu horiek guztiek enplegu-galera izan dela adierazten dute.

Enplegu galeraren errealitatea eta Lopezen Jaurlaritzaren diskurtso ofizialaren satisfazioa aurrez aurre.

Jaurlaritzak berak bere agirietan –hitzak besterik dira– aurreikusia zuen enplegua %0’7 eta 0’8 artean jaitsiko zela, alegia, 7.000tik eta 8.000ra arteko enplegu-galera gertatuko zela eta langabezia biztanleria aktiboaren %9’2ra iritsiko zela urte osoan.

Beraz ba, PRAk 2010eko bataz besteko langabezia-tasa %9’2koa izango zela esan zuen –urtea amaitutakoan %10era igo da tasa–. PRAren arabera, azken hiruhilekoa 2009 urtean baino 9.100 landun gutxiagorekin amaitu izana edo urteko bataz bestean Gizarte Segurantzak 9.417 bazkide galdu izana, gauza bera adierazten duten datuak dira, Jaurlaritzak uste baino are zorrotzago adierazi ere.

Horrek guztiak pentsarazten du Euskadin gutxi-asko 7.000tik 9.000ra arteko enplegu netoko galera izan dugula 2010 urtean, enplegu netoa delarik galtzen diren eta sortzen diren lanpostuen arteko kenketaren emaitza.

Hala ere, esan berriak garenez, diskurtso ofiziala bestelakoa da, batez ere Patxi Lopezena, irudian eta bere buruari txalo egiten arduratuago herriaren arazoei aurre egiten baino. Adibide bat besterik ez: urte amaierako hitzaldian, Lopek ziurtatu zuen “iaz baino hobeto gaude, gure ekonomia hasi da hazten eta hala jarraituko du datorren urtean ere… Enplegu berriak sortzen hasi ere egin gara…”. Lopezen arabera, 2009an baino 7.000 edo 9.000 lanpostu gutxiagorekin “iaz baino hobeto gaude”, eta are gehiago, “enplegu berriak sortzen hasi ere egin gara”. Ez dago ezer erantsi beharrik.

Izanak izan, eta zenbaki zehatzez haratago, EUSTATen inkestak erakusten diguna da nahiz eta enplegu-galera (biztanleria okupatua) bereziki esanguratsua izan ez den arren, langabeziaren goranzkoa (lanik gabeko biztanleria) gertatu dela lan merkatua ez delako gauza izan lanerako gai eta prest zegoen pertsona (biztanleria aktiboa) multzo handia hartzeko. Hau da dinamika, 2010ean Euskadiko lan merkatuaren bilakaeraren joera nagusia, PRAren arabera.

Azalpen koherentea da lan merkatuaren bilakaera arloz arlo aztertu ezkero. Neurgailu guztiak bat datoz esatean Euskadin 2010ean enplegua sortu duen arlo bakarra zerbitzuena izan dela, nahiz eta ez beste arloetan, industrian eta eraikuntzan, izandako lanpostu galera konpentsatzeko adinako neurrian.

Euskadiren tokia Espainia eta Europaren aldean

Espainiako Estatuaren aldean, Euskadiko langabezia-tasa erdia izan da: %10’89 gurean eta %20’33 Estatuan, INEren EPAren arabera (laugarren hiruhilekoa).

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria Estatukoaren %5 baldin bada gutxi gora-behera, lanean ari direnen %5’10 dagokigu guri –biztanlerian daukagun pisuarekin bat, alegia–. Aldiz, euskal biztanleriaren langabezia (114.900 pertsona) “ozta-ozta” den Estatu espainiarreko 4.700.000 langabeturen %2’44.

Erkidegoz erkidego, Euskadik dauka langabezia-tasarik baxuena –hala izan da EPAren segida osoan urtebetean–, eta bigarren tasa txikiena duen Nafarroarekin konparatuta puntu bat baino gutxixeagoko aldea daukagu, %11’64ko langabezia baitauka Foru Erkidegoak. Hortik aurrera, tasarik baxuenak dauzkaten Komunitateak hartu ezkero, hiru puntutik gorako aldea ateratzen die Euskadik eta sekulako aldea dago langabeziarik handiena daukatenekiko: Kanariar Autonomiak %28’96ko langabezia-tasa eta Andaluziak %28’35ekoa, Euskadik baino 18 puntu gehiago.

Izan ere, Euskadirako langabezia-tasen bataz bestekoa egingo bagenu PRAren %9’2 eta EPAren %10’54a hartuz, emaitza zera da: %9’87. Hau da, tasa europarra bete betean. Hala ere, beste alderdi batzuk ere kontuan izan behar ditugu puntu honi dagokionez.

Lehenik nabarmendu beharrekoa da orain bi urte, 2008an, Europar Batasunaren bataz besteko langabezia tasa baino 3’2 puntu baxuagoa genuen arren (Euskadin 3’8koa eta EBean %7koa), 2009aren amaieran alde hori asko jaitsi zela, hots, 8 hamarrekotara (27ko EBean, %8’9ko langabezia-tasa eta Euskadin %8’1ekoa). Gauzak horrela, 2010eko azken hiruhilekoa 27-EBeko bataz besteko tasa baino 4 hamarreko langabezia altuagoarekin amaitu dugu (Europar Batasunaren bataz bestekoa %9’6 eta euskal langabezia-tasa %10ekoa).

Azken bi urteotan (2009 eta 2010), gure langabezia tasa 5’4 puntu hazi da (2008 amaieran %3’8 eta 2010 amaieran, %9’2, PRAren urteko bataz bestekoak). Aldiz, Europan langabeziaren hazkundea 2’6 puntukoa izan da, gure hazkundearen erdia (EBeko langabezia-tasa 2008an = %7; EBeko langabezia-tasa 2010eko abenduan = %9’6), EUROSTAT Europar Estatistika Bulegoak argitaratu duen azken datuaren arabera.

Egoera honen aurrean, non da Jaurlaritza, non da Lopez? Beti bezala, hitz-jario hutsal eta itxurazalean, “iaz baino hobeto” eta “lanpostuak sortzen”.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com