sábado, 10 de diciembre de 2011

ERRESPETURIK GABE EZ DAGO GARAI BERRIRIK


Oñatiko EAJ-PNVren Batzokiaren aurrealdea alderik alde pintadaz josi dute bart arratsean eta gorri eta horiz margotu. Pintadetan agertzen diren hitzak, honako hauek, besteak beste: AHT, superportua, erraustegia, atxiloketak, espekulazioa, desalojoak, jubilazio atzeratua...

Bestetik, badirudi zenbait oñatiarrek ere nozitu duela ekintza honen ondorioa, izan ere inguruan aparkatutako autoak margo-arrastoekin aurkitu baitituzte. Kaltea jasan duten oñatiarrei esan nahi diegu ez dugula onartzen horrelako jokaerarik, beren egonezina ulertzen dugula eta bat egiten dugula beraiekin.

Oñatiko Batzokiaren aurkako erasoa ez da aurrenekoa. Lehenago ere makina bat eraso jasandakoak gara baina ez dugu salaketarik plazaratu izan, izan ere pentsatu izan baitugu salaketa plazaratzeak berak halako ekintzak lau haizetara zabaltzen lagundu zezakeela eta, azken batean, halako erasoak egiten zituztenei haizea ematen.

Baina egun bizi dugun egoeran ezin dugu isilik pasa Oñatiko batzokiari egindako erasoa, eta jokabide hori gaitzesteaz batera, EAJ-PNVren Gipuzkoako zuzendaritzak zera adierazten du:

1. Batzokia egoitza politiko bat da, EAJ-PNVren egoitza politikoa. Batzoki baten aurkako eraso eta irainak, alderdi jeltzalearen eta beronen alde dauden herritarren aurkako irain eta eraso dira.
2. Halaber, politikari berari erasotzen dio bart arratseko jokaerak. Politikagintza trabatzea eta bizikidetza politikoa eragoztea dakarte. Nola ezkontzen dira bide politikoak eta demokratikoak bakarrik erabiltzea eta alderdi politiko baten egoitzari eraso egitea?
3. Politikan eta demokrazian dena ez da libre. Ez da libre aukera politiko orori zor zaion errespetua urratu eta bestea zapaltzen duen jokabidea. Horrela ez dago aurrera egiterik hain ospe handiz hots egiten den garai berrirantz, alderantziz baizik.
4. Guztion arteko bizikidetza berria eraikitzeko, bakean eta elkarren errespetuan bizitzeko, eta herriak politikan eta demokrazian konfiantza izateko, alde batera utzi beharra daude betiko indarkeriaren hazitik ernetako pentsaerak eta jokaerak.
5. Bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua benetakoa dela sinesteko, eraso politikoak behin betiko amaitu behar dira. Beraz, pintaden egileei esaten diegu hitzez bakarrik ez, baizik egitez ere erakusteko bakea eta demokrazia oinarri berrien gainean eraikitzeko prest daudela: errespetatuz beste oro, errespetatuz EAJ eta gainerako alderdiak, errespetatuz iritzi eta erabaki askatasuna, eta errespetatuz gehiengoaren nahia. Azken batean, errespetatuz herria.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com