martes, 12 de febrero de 2008

Egunkaria, Babes taldearen Adierazpena


“Behin eta berriz entzun dugu Rodriguez Zapatero jauna aldaketa bat bultzatzeko prest
dagoela. Hala balitz, ederra izango litzateke. Gure estimazioa izango luke, hasteko, eta baita,
seguru asko, ondoko belaunaldiena ere. Egunkaria kasua, eta honen antzekoak, modu onean
konpontzeak lagundu egingo baitu guztiontzako etorkizun hobe bat eraikitzen”.
Honela zioen Bernardo Atxagak, Egunkariaren Babes Talde honen aurkezpen
ekitaldian, denon izenean, 2005eko martxoaren 18an. Eta idatzia amaitzeko posdatan beste
hau zioen: “Egunkaria kasuaren sobreseitzea eta auzipetuen eskubide pertsonal eta material
guztiak berritzultzea erreibindikatzen dugu”.
Ordurako bi urte paseak ziren egunkariaren aurkako operazioa burutu zenetik. Hiru urte
geroago, Rodriguez Zapaterok bere agintaldia amaitu egingo du, aste gutxi batzuk barru. Eta
zer geratzen da itxaropen baikor haietatik; zer, balizko aldaketarako prestutasun hartatik?
Egunkaria kasua bera, eta aurrekariak, Aznarren eta bere alderdiaren gidaritzapean
sustatutako egoeraren ondorioa izan ziren. Rodriguez Zaparerori ondorioak kudeatzea egokitu
zitzaion. Baina, bost urteren buruan, Aznarren garaia eta une honetakoa elkarren gainean
jarrita, ba al da desberdintasunik profil bat eta bestearen artean?
Hobera egiten ez duen egoerak, halabeharrez okerrera baino ez du egiten. Eta egoera
orokorrak bezala, Euskal Herriari dagokionez, Egunkaria kasuak ere bide bera darama,
zoritxarrez.
Ez da iritsi, ez, kasuaren sobreseimendua. Bost urtetan, aukera paregabeak galdu dira
Egunkaria kasua “modu justuan” konpontzeko, gure adierazpen publikoetan askotan aldarrikatu
dugun bezala. Guk horrela eskatu dugu, baina gurekin batera Europako Parlamentuko diputatu
ugariz osatutako taldeak, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Batzar Nagusiek ... eta
Espainiako Erresumako Gorteetako 60 diputatu eta senatariek ere bai, Rodriguez Zapatero
jaunari euskal gatazkaren konponketari begira Gorte horietako adierazpenean lagundu zioten
parlamentari-talde guztietako ordezkariek, besteak beste. Fiskalak berak ere sobreseimendua
proposatu du. Harira, Audientzia Nazionalera iritsitako halako kasuetan bakarra izan da
fiskalaren eskari hau.
Eta zertarako?. Azkenean epaiketa saihestezina egiteko. Instituzio horiek guztiak baino
indar handiagoa dute, nonbait, akusazioari eusten dioten erakundeen atzean ezkutatzen diren
indarrek.
Akusazioak azkenean aurkeztutako txostena ezagututa jakin dugu haien atrebentzia,
eskrupulo demokratikorik gabea, noraino iritsi daitekeen. Akusatzaileen argudioak onartuko
balira, Egunkaria bakarrik ez, euskalgintza bera, euskalgintza soziala, jomuga izango lukeen
jurisprudentzia ezarriko litzateke.
Egunkaria ixteko aurrekariak duela bost urte jarrita zeuden bezala, orain ere epai
zigortzaile bat ezartzeko atarikoak hor daude.
18/98ko epaiaren lekuko izan ziren Poell eta Geldoff abokatu alemaniarrek esan zuten:
“Beldur ginen frogarik gabeko epaiketarekin aurkituko ote ginen, baina ez genuen espero
deliturik gabeko epaiketarekin aurkituko ginenik”.
Beste abokatu batek, Jurista Europearren Elkarteko presidente izandako Gil Matamala
katalanak esan zuen, epaia ezagutzean: “... mugarik gabeko zuzenbide penalaren bidean
terrorismo desarmatua asmatu dute... laster aurkituko
dute terrorismo baketsua".
Eskubide demoratikoen urraketan, zein da hurrengo pausoa, galdetzen dugu guk?
Egoera honetara iritsita, aukera bakarra geratzen zaigu: Euskal gizartearen kontzientzia
kritiko aktibo eta emankorrari dei egin. 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi eta atxilotuei
emandako tratuaren berri iragartzean kaleak betean irten ziren milaka eta milaka euskal
herritarrei, modu batean edo bestean ahotsa ozen altxa zuten guztiei, dei egiten diegu orduko
pasartearen oihartzunera. “Nahikoa da” esan dezaten, beste behin.
Orduan ere ahots haiek geratu egin zituzten eginkizun ziren zenbait asmo ilun. Orain
ere noizbait esan beharko zaio “geldi” gehiegikeriaren lasterketa itsu honi. Eta ez bakarrik
Egunkaria arrastatzen duelako, baizik eta honen antzerako akusazioak hainbat kasutan baliatuz
euskal gizartearen elkarbizitza demokratikoaren zutoinak ere higatzen dituztelako.
Gehiegikerien kate hau geratu beharra dago. Ezin da epai zigortzailerik atera Egunkaria
kasuan ere. Etorkizunari zor diogu. Horretarako, orain, protestaren ahotsa, euskal gizartearen
protesta demokratikoaren ahotsa, ozen altxatuz jokatu beharra dago. Hori eskatzen eta
sinesten dugu.

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com