martes, 12 de febrero de 2008

EGUNKARIA, Euskalgintzaren Adierazpena



Aspalditxo gabiltza garai txarrak datozkigula esan eta esan. Ikusiak ikusita, garai txarrak etorri
direla ere esan genezake. Eta oraindik txarragoak iritsi daitezkeela ere iragartzen da.
Hitz gordinak dira, bai, idatzi baten hasierarako, baina nola piztu alarma prebentiboaren argi
gorria, benetako beldurraren gordintasunetik hitz egin gabe, lehen lerrotik bertatik arreta
larritasunean jarri gabe?
Egunotan ezagutu dugu Egunkaria auzian akusazio popularra deitutako horren izenean
Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu duen akusazio-txostena.
Hirurehundik gorako folio kopuruan lehen hamalauak irakurtzean kizkurtu egin zaigu azala.
Bertan behin bakarrik aipatzen da Egunkaria. Beste erakunde batzuk, beste jardun batzuk,
euskara eta kulturarekin lotutakoak, euskalgintzakoak alegia, dira aipagai nagusi. Eta horixe
jartzen da epaileen jomugan: Euskalgintza, oro har hartuta.
Akusazioaren txostena ezagututa, horren jatorrian dauden beste batzuk ere, polizialak, ezagutu
ditugu, eta hauetan ez dago zalantzarik. Tesia garbia da. Espainiako Erresumako Konstituzioak
babesten du euskara; bere Gobernuak, Nafarroa eta EAEko autonomi estatutuek, administrazio
autonomikoek, babesten eta sustatzen dute euskara. Hortik kanpora geratzen den guztia ETA
da. Zertara dator, beraz, erakunde sozialak euskara eta euskal kulturaz arduratzea, manipulatu
eta ETAren helburuetara jartzeko ez bada.
Hori da akusazioaren tesia. Horra hor nola kriminalizatzen den azken berrogeita hamar
urteetako euskalgintza, euskalgintza soziala, erreparatu gabe ETA sortu aurretik ere bazela
euskalgintza sozialik. Horra hor hodei beltzak mehatxuka euskalgintza sozialaren zeru
urdinean, etorkizunera begira.
Ba al dakigu zein egoeratan sartuko ginatekeen akusazioaren tesi hori jurisprudentzia bihurtuko
balitz epai zigortzaile baten bidetik?
Orain agian hobeto ulertuko da hasierako alarmaren beharra.
Akusazioaren tesi horregatik ez balitz ere gu hementxe geundeke, Egunkariari gure elkartasuna
adierazten. Baina orain ez gaude hemen elkartasuna adierazteko, tesi horretan, jurisprudentzia
proposamen horretan, kontzernitu gisa baizik.
Gogoratu nahi dugu hemen Egunkariaren urak aspaldiko iturburuetatik datozela, hala nola
Lizardiren proiektua, edo Aitzolena edo gerra garaiko Eguna hura, 1990eko abenduaren 6an
Durangoko Azokan Euskaldunon Egunkaria sortu zen arte.
Proiektu berri honen ardatzean bildu ginen euskaltzaleok.
Egunkaria Sortzen elkarteko zerrendan eite guztietako 70 euskaltzaleen izenak agertzen dira,
egunkari bat euskaraz egiteko ordua iritsi zela sinetsita. Aurreko lerroan zeuden Karlos
Santamaria, Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka euskaltzaleak. Hamaika puntutan
laburbildu zuten proiektua, eta batez ere: euskaltzalea behar zuen, zabala, bateratzailea,
Euskal Herri osorakoa, independentea (politikoki, ekonomikoki eta enpresarialki).
Izen eta guzti agertzen direnez gainera, milaka euskaltzale gehiago egon da Egunkariaren
sorreran eta bizialdian, erosle, irakurle, akziodun, sustatzaile gisan.
Gutako inork ezin izan zuen ulertu 2003ko otsailaren 20an gertatu zena, nola itxi zuten
Egunkaria, nola atxilotu zituzten bertako kudeatzaileak. Sekulako kolpea jaso genuen, eta aldi
berean erantzun eredugarria eman: ez bakarrik kalean sekula egin den manifestaziorik
handienean gure desadostasuna erakutsiz, baizik eta komunikabide berriak sortuz eta indartuz.
Geroko komunikabideak posible izan dira Egunkariak 13 urtetan egin zuen lanari esker:
hizkuntza periodistikoa mamitu, hizkuntzaren corpusa aberastu eta euskaren herria
kohesionatu egin zuelako.
Berriz diogu oso larria dela Egunkaria akusatuen aulkian esertzea. Egunkariarekin batera
euskalgintza osoa ere bertan bailegoke. Oso litzateke larria euskalgintza oso-osorik ETA dela
ebatziko lukeen jurisprudentzia.
Zer egin? Euskalgintzak bat eginda, elkar hartuta, erantzutea dugu hoberena. Martin Ugalde
Egunkariako Lehendakariak, elkartzea edo batzea proposatzen zuenean jarri ohi zuen
parabolatxoa jarriko dizuet nik ere:
Aita batek bildu zituen sei semeak, eta gazteenari abar bat eskuratuz esan zion: «Hautsiko al
duk abartxo hau?». Eta gaztetxoak, klik batez, bi zati egin zuen. «Orain bildu sutarako
daudenen artean lodiera bereko sei —esan zion berriz—, eta eman anaia nagusiari... Ea hik,
Joxe, sortatxoa eskuz hausteko kemenik baduan». Seme zaharrenak egin zituen ahaleginak,
eta alferrik. «Hauxe diotsuet —hitz egin zien aitak—, sakabanaturik bizi zareten anaiak bananbanan
arerioaren eskuetan jostailu zarete, baina elkar egiten baduzue, ez zaituzte inork
menderatuko».
"Adibide sinpleak esangura handia du" esanez amaitzen du Martinek.
Euskalgintzaren baitatik dei ozen bat eginez amaitu nahi dugu gaurkoa: gizarteari, orori,
Egunkaria defenda dezagun, euskalgintza defenda dezagun:
Egunkaria aurrera nahi dugulako
Euskalgintza aurrera nahi dugulako
EGUNKARIA LIBRE!

No hay comentarios:

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

HAUTESKUNDEAK 1.977 ......

Ibarretxe 2008ko ekainak 27, Jaurlaritzan

Zabaldu.com