ZENBAT aldiz pentsatzen dudan denbora geldirik dagoela!
Telebista piztu eta Pipi Galtzaluze, Marko edo Heidi ikusten
ditut. Modari erreparatuz gero, beti biraka dabilela
konturatzen zara. Gure gaztaroan modan egondako estetika,
barregarria iruditzen zitzaigun duela hamar urte, eta orain
berriz gustuko izan dezagun lortu dute. Askoz etsigarriagoa
gertatzen da politikari begira irudipen berbera geratzen
zaizunean. Hemendik lehen ere pasa izanaren sentsazioa zinez
bihotz-suntsigarri gertatzen da gure bizikidetzari
dagokionean. EHAK eta EAE-ANV alderdiak aurki dira legez
kanpo. Espainiako Gobernuak hala erabaki du eta ez dago
ekidin dezakeenik. Eusko Legebiltzarrak duela urte gutxi
bizi izandako arazo berbera izango du laster esku artean,
hainbeste buruko min eragin dion hori bera. Aurreko hartan,
Legebiltzarraren barne araudia errespetatu eta Justiziaren
aginduak betetzeari uko egin zion. Erabaki hark
inhabilitazioa eta isuna ekarri die Atutxa, Knörr eta
Bilbaori, eta lehengo larunbatean milaka lagunen babesa izan
zuten. Batasuna alderdiarenik ez, ordea. Adierazi zutenez,
kosta egiten zaie euren aurka hain bortizki ari izan zenari
elkartasuna adieraztea. Orain, Batasunaren oinordeko omen
diren alderdiak legez kanpo geratzeko zorian daudenean,
euskal gizarteari elkartasuna eskatzen hasi dira. Bakardade
denak dira gogorrak, baita politikoa ere. Alta, elkartasuna
adiskide dituenei bakarrik adierazten ohituta dagoenak,
arazo latza izan dezake aurrean: besteek ere jarrera bera
hartzeko arriskua. Atutxak ez zuen Sozialista Abertzaleak ez
desegitearen alde egin alderdi horrek une larrietan
eskainitako babesagatik. Oker gabiltza elkartasuna adiskide
ditugunei bakarrik zor diegula uste badugu. Martxa honetan
gaizki behar dugu denok. Batez ere, adiskide gutxi dituenak.
Noticias de Gipuzkoan, XABIER EUZKITZEk Idatzia
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2008/01/31/opinion/lacontra.php
No hay comentarios:
Publicar un comentario