Erabaki nahi dugu eta erabaki egingo dugu! Izenburuarekin, beraiekin bat egin nahi baduzu sar zaitez ondorengo blog orrian
Erabaki egingo dugu, gure eskubidea delako!
► Pertsona eta herri guzti guztien eskubideak errespetatuz. Pertsona guztiek dute eskubidea galde diezaieten eragiten dizkieten arazo nagusiei buruz eta herri guztiek dute eskubidea etorkizunari buruzko erabakia era askean har dezaten.
► Herri bat garenez, geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, horixe onartu baitzuen Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz 1990ko otsailaren 15ean. “Euskal Herria Europako herrien multzoan berezko nortasuna duen Herri bat da eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, herrien autodeterminazio eskubidearen arabera. Eskubide hori nazioartean onartuta dago”
Erabaki egingo dugu, bakearen bidea urratzeko!
► Bakea, indarkeriari elkarrizketaren bitartez amaiera eman eta ETAk garbi iragarrita borroka armatua bertan behera utzi duela.
► Bakea, giza duintasunean, oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatzean, justizian eta pertsona guzti-guztien giza eskubideak defendatzean oinarrituta.
► Bakea, humanizatze keinuetan, indarkeria adierazpen guztien desagertzean eta gizartearen adiskidetzean oinarrituta indarkeria guztien biktimak gogora ekarrita.
Erabaki egingo dugu, normalizazio politikorako bidea urratzeko!
► Normalizazioa, erabaki ahal izateko errespetua, aniztasuna eta askatasuna erabiliz.
• Errespetua: Euskal Herria orain egituratzen den esparru ezberdinetako herritarren erabakiak errespetatuta.
• Aniztasuna: euskal gizartean kidetasun-sentipen eta aukera politiko legitimoak kontuan hartuta.
• Askatasuna: bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz, gizabanakoen edo taldeen edozein helburu —baita estatu propioa izateko aukera ere— baldintza berberetan defendatzeko eta gauzatzeko askatasuna izanda.
► Normalizazio politikoa, Alderdien Legea indargabetuz eta euskaldun guzti guztiei eskubide politiko zibilak itzuliz
Erabaki egingo dugu, gure etorkizuna askatasunean aukeratzeko!
► Euskal Herria osatzen dugun euskal lurralde eta erkidegook nola bizi eta antolatu nahi dugun erabaki dezagun inposatu gabe.
► Espainiar Estatuarekin eta Europako nahiz munduko beste herri batzuekin izan nahi ditugun harremanen esparru politikoa erabaki dezagun, errespetua, elkartasuna eta lankidetza printzipioetan oinarrituta.
► Ongizate ekonomiko, sozial eta kultural handiagoa izan dezagun.
► Euskal Herriak bere nortasun politiko, ekonomiko eta kulturala proiektatu eta nazioartean dagokion tokia izan dezan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario