EAJk Udalbiltzaren inguruko mozioa aurkeztu du udaletxean
Udalaren osoko ohiko bilkuran EAJ-PNV alderdiak Udalbiltza auziaren inguruko mozioa aurkeztu du. Funtsean, Espainiako fiskaltzari epaiketa bertan behera eskatzeko. EAJk eta Hamaikabat alderdiek bat egin dute mozioarekin. EBk erdizka egin du bi puntu bakarrik babestuz. PP eta PSE aurka agertu dira. Mozioa, beraz, ez da onartu.
“UDALBILTZA, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1.999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Honako printzipio eta helburuekin sortu zuten:
- Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
- Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
- Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
- Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
- Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa ihardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.
Helburu hauek gauzatze aldera hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu UDALBILTZAk azkeneko ia hamaika urte hauetan.
2.003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta beraien jardueraren suspentsioa ezarri zuen.
Orain, zazpi urte beranduago, kide horien aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen.
Kasu honetan, beste behin ere, prozedura induktiboaren ordena irauli dute, ezin da aurretiaz ezarritako printzipioa, hau da, “dena ETA da” printzipioa ezarri eta ondoren aurre iritzi hori janzten duten zantzuak bilatzen hasi, baieztapenarekin bat ez datozenak baztertuz.
Guzti hori dela eta, hurrengoa, eztabaida eta onartzea proposatzen diogu udalbatza honi:
- Andoaingo udalak aldarrikatzen du 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.
- Andoaingo Udalaren ustez, “dena ETA da” printzipioa erabiliaz mugarik gabeko inkriminazioa zabaldu daiteke pertsonen eta erakundeen aurka. Euskal lurraldeen erakundetzea eta Nazio eraikuntza bultzatzea, edo euskararen alde ihardutea, euskal hiritar eta hautetsi askoren iritzi eta konpromezua da. Goardia Zibilak bere txostenetan ETAk berdin pentsatzen omen duela eta guzti horiek ETA-kide direla baieztatzea astakeri juridiko eta politikoa da.
- Andoaingo Udalak konpromezua hartzen du, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.
- Andoaingo Udalak Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzen du eta Estatuko Gobernuari eskatzen dio Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario