MARKEL OLANO: ´EUSKADIN BAKE BIZIKIDETASUNA ETA NORMALKUNTZA POLITIKOA BEHIN BETIKOZ LORTU NAHI BALDIN BADITUGU, ELKARRIZKETA ETA ADOSTASUN LAN HANDI BAT EGIN BEHAR DUGU´
Adiskideok, ongi etorri Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen mintegi honetara. Nahi nuke hastapeneko hitz hauek gure gonbidatuei eskerrak emateko izatea. Izan ere, gaur hemen gure artean ditugun gonbidatuok ordezkari bikainak dira, Euskadin bake prozesu baten aldeko lana eskuzabaltasunez egiten ari diren pertsona eta nazioarteko erakundeen izenean etorriak baitira. Lehendik eskuratua duten ospea eta izen ona arriskuan ari dira jartzen, askotan, gure bakea lortzeko helburuaren alde; horregatik, nire eskerrik beroena adierazi nahi diet.
Foru Aldundian azken hiru urteotan sustatzen ari garen kultura politiko berriak oinarri sendo bat behar du: herritarren partaidetza. Herritarren partaidetza guztiz nahitaezkoa da, gure ustez, esparru politikoa eta gizarte zibila hurbiltasun handiagoz jokatzea nahi badugu. Gipuzkoako herritarrak ikusle huts bihurtzen badira, ezker-eskuin sortutako izenburu hutsalen kontsumitzaile bihurtzen badira, gure lurraldearen etorkizuna zalantzan egongo da.
Herritar aktiboak behar ditugu, partaide sentitzen direnak, gai publikoez arduratzen direnak. Uste dugu, gainera, gure zeregina izan behar dela, ahal dugun neurrian, tresnak ematea herritarrei, informazioa eta eztabaida guneak, herritarrek jokaleku egoki bat izan dezaten. Hori da gure filosofia politikoa, xede hori indartu nahirik ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, gaurko mintegia antolatu duenean, gure eskerrik biziena merezi duten gonbidatu bikain hauekin.
Euskadin bake bizikidetasuna eta normalkuntza politikoa behin betikoz lortu nahi baldin baditugu, elkarrizketa eta adostasun lan handi bat egin behar dugu. Hiru esparrutan ahalegindu beharko dugu: alderdi politikoen artean; herri erakundeen alorrean; eta, jakina, euskal gizartearen esparruan. Alor horiek bateragarriak ez ezik, osagarriak dira ezinbestean. Aurrean dugun errealitateak eta itxaropen aldiak euskaldun guztion lana eskatzen dute. Lan horrek helburu orokorra indartuko du eta elkarbizitzako etorkizunerako oinarriak ezarriko ditu.
Euskal gizarteak beti esku hartu izan du, modu aktiboan, herriko jardueran; ez du politikarien eta erakundeetako eragileen esku bakarrik utzi bere erantzukizun zibil eta politikoa. Errealitate hori funtsezko oinarri demokratikoa da herri honen etorkizunari heltzeko.
Euskal gizarteak badaki zein den bere egitekoa; gizarte bizia eta aktiboa da, bake eta normalizazio politikoko prozesuan parte hartzeko eskubidea eta gogoa duena. Alderdi politikoen eta erakundeen lan ordezkaezinaz haratago, euskal gizartea eskatzen ari dena da modu aktiboan parte hartzea bake eta normalizazio politikoko prozesuan. Hasieratik bukaerara.
Gizartearen partaidetzak zabalik dauden prozesuen balio demokratikoa indartzen du, demokrazian berritzeko eta sakontzeko osagai bihurtzen da eta elkarbizitzako sistema bat eratzeko hausnarketaren eta eztabaidaren bidea hobetzeko aukera eskaintzen du. Zenbat eta sendoagoa izan oinarri demokratikoa hainbat eta handiagoa izango da Euskadiko bake eta normalizazio politikoko prozesuen finkapena.
Politikak ezin dio uko egin elkarrizketari, tresna baliagarria izan daitekeen neurrian baldintza politiko jakin batzuk lortu, eta, ondorioz, ETAk indarkeria albora utz dezan eta bake giroa nagusitu dadin gure artean.
Ezin dugu etsipenean erori. Nire iritziz, euskal gatazka konpontzeko ahaleginari beste ikusmolde batez heldu behar diogu.
ETAk oinaze ikaragarria sortzen du pertsona eta familia askoren artean, oro har, gizarte osoan. ETAk eraso larria egiten dio demokraziari, eraso larria egiten dio gure herriaren garapen sozial, ekonomiko eta politikoari.
Hori guztia hala izanik, nabarmendu nahi nuke baita ere ETA eragozpen gaindiezina bihurtu dela Ezker Abertzalearen jarraitasun politikorako. Ez dut inolaz ere baieztapen hori egin nahi pentsatuz nolako bidegabekeria den Ezker Abertzalea legez kanpo uztea; baizik pentsatuz XXI. mendeko Europa honetan proiektu politikoak bide guztiz politikoen bidez soilik aldeztu daitezkeela.
Azken boladan aldaketa sakonak gertatu dira Ezker Abertzalearen barruan. Guztiz sinetsirik nago euskal gizarte osoak nahi duela, eta behar duela, gainera, Ezker Abertzaleak bere jarduna bide politikoetatik bakarrik gidatzea. Horregatik, uste dut norabide horretan sortzen diren ekimen guztiak errespetatu eta begi onez ikusi beharrekoak direla.
Era horretako ekimenak zango-trabatzea akats politiko larri bat da. Eskakizun orokor bat dago gure artean, ETAk su-eten gainbegiratu bat onar dezan. ETAk onartu egin behar luke eskakizun hori. Gizarte osoak eskatzen du, Ezker Abertzaleak berak eskatzen du, eta hori garrantzizkoa da. Hala eta guztiz ere, Ezker Abertzaleak egin berri dituen urratsen garrantzia eta berrikuntza onartuta ere, gure gizarteak eskatzen dio Ezker Abertzaleari zehaztapen eta argitasun handiagoa izan dezala bere jarreretan.
Bakea eta normaltasun demokratikoa, Ezker Abertzale tradizionala bizitza politikoan guztiz txertatu beharraren ikuspegitik, nahitaezko baldintza dira gure herriaren bizikidetasun demokratikoa ziurtatu nahi badugu, eta herri estrategia sendo bat mamitu nahi badugu, euskal herriak bere nortasun kolektiboa garatzeko bidean aurrera egin dezan, eta erakundetze egoki bat lor dezan, herritarren borondate askearen oinarria harturik. Bakea premiazko auzi bat da, ikuspuntu guztietatik begiratuta ere.
Gure herriaren historia itxuratuko duten uneak bizi ditugu. Borroka demokratiko handi bat ari da gertatzen: alde batean, euskal gatazkaren irtenbidea elkarrizketari uko eginez aurkitu nahi luketenak daude; beste aldean, bide berriak urratzea proposatzen dugunok gaude. Eztabaida horren emaitzak erabakiko du gure etorkizuna hurrengo hamarkadatan.
Bi baldintza ezinbestekoak dira Euskal Herriak aurrera egin dezan. Lehenik eta behin bakea; herri bizitza eta bere garapena soilik bide demokratikoak erabiliz egin behar da. Beraz, ezinbestekoa dugu zentzurik zabalenean gure kultura demokratikoan sakontzea. Bestalde, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du eta eskubide hori praktikan jarri behar da. Erabakitzeko eskubidea ez da herri baten adierazpen estetikoa soilik; estrategia demokratiko baten bitartez gauzatzeko ahalegin bateratu bat egin behar da. Nire iritziz, bi oinarri hauekin bat egiten dugun herritarron lankidetza behar beharrezkoa da.
Euskal herriak oso argi adierazi izan du, behin eta berriro, indarkeriaren aurka dagoela, eta bake prozesu bat nahi duela, elkarrizketa eta giza-eskubideen errespetua oinarritzat harturik. Iritsi da garaia, benetan gauzatu dezagun.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario